Euskararen aldeko aldarriak nagusituko dira datorren astean

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko azaroaren 30a

Urtero, abenduaren 3an ospatzen da Euskararen Nazioarteko Eguna. Arrasaten ere, eragile ezberdinek ekimen ugari antolatu dituzte datorren asterako.

Asteburuari begira, AEDk Kontseiluak antolatuta abenduaren 1ean Donostian egingo den manifestazioa joateko deia egin du eta autobusa ere antolatu du; 15:30ean irtengo da Garibaitik. Horren aurretik, gaurtik aurrera, Erdu-AEKk twitterren mezu uholdea sortu gura du eta jende guztia animatu dute euskararen aldeko mezuak #euskarazbizinahidut erabiliz hedatzera.

Gainera, Euskararen Egunaren ataritan, Buah Txabal antzezlana ikusi ahalko da Arrasateko Gaztetxean, abenduaren 2an. AEDk ekoiztu eta Unai Iturriagak idatzi eta Jon Zubiagak antzeztutako obrak 70. saioa eskainiko du modu horretan, 18:30ean hasita.

Datorren asteko hitzorduak

Bestalde, Euskararen Egunaren harira, ekimen ugari antolatu dituzte eragile ezberdinek datorren asterako. Abenduaren 3an da egun handia eta Udalak eta Arrasateko Euskalgintzako kideek, Arrasateko Euskara Planaren Elkarlan Hitzarmena sinatuko dute egunean bertan. Kulturaten izango da zinpetzea eta herritar guztiak daude bertan parte hartzera gonbidatuta.

Hezkuntza

Herri Eskolako ikasleek ekimen ugari eramango dituzte aurrera eta eskola bera euskal giroz apainduko dute, eta atsedenaldietan musika egongo da. Gainera, Haur Hezkuntzan, euskara astea egingo dute eta Buztantxo maskota etorriko da irakasgune bakoitzera euskaraz haur guztiak blai bustitzera. Bolo-boloa egongo da eta bukatzeko Buztantxori abestuko diote. Antzerkiak ere egingo dituzte. Lehen hezkuntzan, berriz, lehenengo zikloan, 3 egunetan zehar, asmakizunak, aho korapiloak, jolasak eta abesti herrikoak jorratuko dituzte. Bigarren zikloan, jolasak eta karaokea egingo dituzte. Eta hirugarren zikloan, euskararen jatorriaren inguruko power-pointa eta pasahitzen jolasa egingo dituzte.

Arizmendiko gune bakoitzean ere ekimen ugari antolatu dituzte, olinpiada, antzerkiak... Gainera, DBH eta Batxilergoko Bazara egitasmoko batzordekideek prentsaurreko bat emango diete Bigarren Hezkuntzako ikasle eta irakasleei. Batxilergoko 1. mailako ikasleek "Ziztadak Tábanos" dokumentala ikusteko eta ondoren Sabino Ormazabal gidoilariarekin egoteko aukera edukiko dute. Eta Batxilergoko ikasleek, euskara arlotik bideratute QRak zintzilikatuko dituzte. QRen mamia hauxe da: Eta zuk nola bizi duzu euskara?

Institutuan aldiz, festa txiki bat egingo dute atsedenaldian Euskara Batzordeak antolatuta (txokolatea, freskagarriak,pastak... egongo dira), eta laburmetrai komikoak ere eskainiko dituzte.  Gainera, Euskararen Eguneko aurtengo leloa aukeratzeko urtero bezala lehiaketa antolatuko dute.

Euskalgintzako taldeak

Emunek hainbat kooperatibatan ekintza ezberdinak egingo ditu: kafe hartzea, txistor-jana... 

Txatxilipurdik berriz, abenduaren 4an Hesiak gaindituz dokumentala aurkeztuko du Kulturaten, euskararen transmisioan oinarrituta.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak