San Andres Eguna gaur, kulturaz eta gastronomiaz gozatzeko

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko azaroaren 30a

Hainbat urtez egin barik egon ostean, 2008an berreskuratu zen San Andres egunaren aitzakian aspaldi antolatzen zen azoka. Aitor Guridi aurreko legealdiko auzo alkateak berpiztu zuen ekimena, ohitura berreskuratu eta auzoarendako egun polit bat antolatzeko asmoz. 2008an egin zen eta baita 2010ean ere; aurten auzo alkatetzak ohiturarekin jarraitu gura izan du.

Maiatz erdialdean, San Andresko jaiak amaitu ostean, izendatu zuten Jon Barriocanal (Arrasate, 1978) auzoko alkate. San Andres eguna dela-eta egitarau zabala prestatu dute: "Adin eta gustu guztiendako egitaraua prestatu dugu", dio. Nobedade nagusia da 80 urtetik gorakoen omenezko bazkaria; auzoko jaietan ez zen egin eta San Andres egunerako atzeratu zuten.

Jaiaren helburua argia da:  "Auzoari bizitasuna eman gura diogu, hori da helburu nagusia". Gudarien plazan egingo den azoka izango da egitarauko izarra.

Azokan 20 postu egongo dira

Kanpoko zein bertako produktuak egongo dira, izan ere, herriko estremadurarrek, andaluziarrek eta galiziarrek asistentzia bermatu dute. Eurekin batera, hileko hirugarren zapatuko azokan parte hartzen duten baserritar batzuk ere egongo dira eta baita Aramaioko sagardogileak ere. Artisauak ere ez dira faltako, eta antolatzaileak azken bi azoketan taloak egiten egon diren Ekin emakumeak elkartekoen erantzunaren zain daude. Guztira 20 bat postu espero dira.

80 urtetik gorakoei omenaldia

Esandako moduan, nobedade nagusia da 80 urtetik gorakoen omenezko bazkaria. Normalean auzoko jaietan egiten dute baina aurten jaiak antolatzerako orduan arazo batzuk izan ziren –besteak beste, auzo alkatea izendatu barik zegoen orduan–, San Andres egunerako atzeratzea erabaki zuten.

San Andresen erroldatuta dauden 80 urtetik gorako guztiak daude gonbidatuta; gizonezko zaharrenari txapela oparituko diote eta emakume edadetuenari, aldiz, zapia. Gainerakoek termo bat jasoko dute opari. "40 lagun elkartzea espero dugu gutxienez", adierazi du Barriocanalek.

Egitaraua

egubakoitza, hilak 30
17:00 Etxafuegoak.
17:00-18:30 Guraso eta haurren arteko olinpiada gazte txokoan.
19:00 Txistulariekin poteoa.

zapatua, abenduak 1
10:00 San Andres ferixie Gudarien plazan.
12:00 Goikobalurekin poteoa.
14:00 80 urtetik gorakoen omenezko bazkaria Corazon de Encina elkartean.
19:00 Patata-tortila lehiaketa Gudarien plazan
22:30 Kontzertua Gudarien plazan: La Txusma eta Bitter Honey.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak