'Arrasate Hiria' Nazioarteko XX. Akordeoi Lehiaketa, Gipuzkoako XXXIII. Akordeoi Lehiaketa eta Gipuzkoako XXV. Akordeoi Jaialdia egingo dira abenduaren 7tik 9ra bitartean. Eguen iluntzean aurkeztu zuten Txalaparta Elkartean ekimena, eta Aitor Furundarena Hauspoz elkarteko lehendakariak hartu zuen parte, Inazio Azkarragaurizar alkateak, Kepa Urteaga Kultura zinegotziak eta SUDCeko kideez lagunduta.
Gipuzkoako Akordeoi Konfederakundeak lehenengo aldiz 1975ean antolatu zuenetik gaur arte ibilbide oparoa eduki du lehiaketak. Urtez urte eta urratsez urrats forma eta indarra hartzen joan da hitzordua, eta nazioarteko sona izatera iritsi da. XX. Arrasate Hiria lehiaketak nazioarteko akordeoilariak ekarriko ditu, hain zuzen ere, "profesionaletara salto egiteko prest daudenak", Aitor Furundarenak adierazi bezala. Alemania, Eslovakia, Norvegia zein Txinatik etorritako 11 lagunek hartuko dute parte.
Gainera, Gipuzkoako XXXIII. lehiaketa ere egingo dute abenduko lehenengo astean. Lurraldeko, Euskal Herriko zein estatuko 30 parte hartzaile arituko dira, adin guztietakoak, gainera. "Batez ere, kontserbatorioetako ikasleei zuzendutako lehiaketa da", adierazi zuen Furundarenak aurkezpenean.
Azkenik, Gipuzkoako XXV. Jaialdia ere egingo da Arrasaten. "300 partaide inguru arituko dira". Musika eskolatan diharduten neska-mutilei begira antolatutako jaialdia da. "Lehiaketa kutsua kendu gura diogu ekimenari, eta pedagogiari garrantzia eman".
Amaitzeko, Furundarenak Arrasateko hitzordua berezi egiten duena "dagoen giroa eta egiten zaigun harrera da. Eskerrak eman gura dizkiegu antolatzaileei eta ezin ahaztu SUDCek urtero egiten duen lana, janaria-eta prestatzen. Oso humanoa egiten du hartu-emana". Amaitzeko, SUDCekoek antolatutako lunchaz gozatu zuen bertaratutakoek.