Aparkalekuan lekurik badagoen edo beteta dagoen adierazten duen argizko kartela ere ipini dute aparkalekuko sarbidearen aurretik, errepidetik ikusteko moduan.
Errail bakarra
Horrez gainera, botoi edo sakagailu bat ere ipini dute aparkalekuaren sarreran, parkinera sartzeko barrera zabaltzen duena. Hori bai, botoi horrek ez du barrerarik zabalduko baldin eta aparkalekuan leku librerik ez badago edo momentu horretan barruko ibilgailuren bat irteten bada.
Izan ere, errail bakarra du aparkalekurako sarbideak eta kontu handiarekin ibili beharra dago. Justu horrexegatik semaforoa ere ipini dute. Hala, parkinerainoko ibilbide osoak sentsore batzuk ditu semaforoei ibilgailurik dabilen esaten dietenak (sartzen, irtetzen edo anbulantziak Errehabilitazioan jendea uzten edo hartzen)
Eta horrez guztiaz gainera, kamera bidezko telebigilantzia sistema ere badu parkingak.
Ibarreko guztiak, batera
Osakidetzak 2011ko abenduan sortu duen zerbitzuen antolaketa berria da eta artatze modalitate biak (lehen mailakoa eta espezialdua) uztartzen ditu erakunde bakar batean, pertsonek zerbitzu bakoitzetik hartzen duten artatzea integratzeko eta koordinatzeko helburuarekin. Bere baitan hartzen ditu Debagoieneko Ospitalea eta Arrasateko, Aramaioko, Aretxabaletako, Eskoriatzako, Leintz Gatzagako, Bergarako, Oñatiko, Elgetako eta Antzuolako osasun zentroak.