Norabideari buruz dozena bat gogoeta izenburupean eman zuen berbaldia Jon Sarasuak Kulturaten. Bi ordutako saioa eskaini zuen, eta aurreneko unetik entzuleen konplizitatea bilatu gura izan zuen Sarasuak. Hain zuzen ere, gaiarekin zerikusia duen liburua idazten diharduela eta, bertan jorratu gura dituen zenbait gai proposatu zizkien bertaratutakoei.
Minutu bat eman zien gura zuten gaia aukeratu zezaten, eta horietariko hamabi idatzi zituen arbel batetan: transmisioa, euskal identitatea, hizkuntza desbedinen egitura, sedukzioa / inposizioa, nazioartera, biziraupenerako baldintzak, erakundetzea, aukeratik erabilerara, elkarbizitza, ekologia, hegemonia eta hedabideak / internet.
Ekologiatik hasi zen berbetan Sarasua eta poliki gai ezberdinak jorratu zituen. Euskararen diagnosiari ere erreparatu zion eta azken 50 urteetan egindako lana goraipatu zuen, baina gainera, "datozen hamarraldietan estrategia, tresna eta eskumenak garatu behark dira", adierazi zuen.
"Euskara moduko hizkuntza gutxituek hegemonia guneak behar dituzte: Berria, Topagunea, Bertsozale Elkartea..." Baina etorkizunekoak zeintzuk izango diren begiratzen hasi behar garela eman zuen aditzera Sarasuak.
"Euren sorreratik ikastolek egindako lanari dagokionez, txapela kendu behar dugu". Baina aldi berean zalantza egin zuen egungo eskola sistemak transmititzen ote dituen hiztun gaitu izateko baliabideak. "Agian ez du transmititu behar, familiak eta hor daudelako. Baina baliabideak behintzat eman behar ditu".
Sarasuak ezin izan zituen gura beste gai jorratu, baina bertaratutakoak gustura geratu ziren landutako gaien inguruan aretxabaletarrak esan zituenekin.
