"Harrera elkartea da preso ohi edota iheslari ohiendako asistentziazko zerbitzua eskaintzen duen taldea. Talde legala da eta Euskal Herri osoan funtzionatzen du". Hitz horiekin definitu du Igor Letona preso ohiak Harrera taldea. Martitzenean egin genuen hitzordua Letonarekin eta Arrasateko beste bost preso ohiekin, bihar aurkeztuko den Arrasateko Harrera taldearen gainean berba egiteko.
Helburua da kartzelan edo erbestean egon ondoren askatasuna lortu dutenen bizimodu duina bermatzea: "1980ko hamarkadan presoak espetxetik irteten hasi zirenean ikusi zen hutsune ezberdinak zeudela, eta hutsune horiek betetzeko laguntza behar zutela. Urteetan zehar talde ezberdinak saiatu dira laguntza hori eskaintzen; azken urtean lortu da Euskal Herri mailan talde bat egituratzea: Harrera taldea", azaldu du Letonak.
Denetariko laguntza
Laguntza mota ezberdina ematera dator Harrera taldea: "Laguntza juridikoa edo laguntza administratiboa izan, denetariko laguntza eman gura die Harrera taldeak preso eta iheslari ohiei".
Hala, helburu ezberdinak betetzeko asmoa du eratu berri den taldeak, funtzionaltasun batekin: "Kartzelatik irteten diren presoei edo erbestetik datozen pertsonei asistentziazko laguntza ematea", adierazi zuen Arrasateko preso ohiak martitzenean.
Edonorendako ateak zabalik
Era berean, Letonak azpimarratu du Harrera elkartea preso ohiek osatutakoa izan arren, "elkartearen helburuekin bat datorren edozein herritarrek" parte har dezakeela: "Edozein eratako babesa ongi etorria izango da eta parte hartu gura duen edonorendako ateak zabalik egongo dira". Ildo beretik, iragarri dute elkarteko kide izateko bazkide kanpaina abiaraziko dutela, urteko kuota ordaintzeko.
Aurkezpena bihar Kulturaten
Arrasateko Harrera taldearen aurkezpen ekitaldia bihar egingo da Kulturateko areto nagusian, 11:30etik 12:30era. Lau bat minutuko bideo bat jarriko dute eta 20 minutu inguru iraungo duen azalpen baten bidez aditzera emango zaio Arrasateko herriari zer den eratu berri den taldea. Aurkezpena borobiltzeko luncha egingo dute: "Mundu guztia dago gonbidatuta", dio Letonak.