Bigarren urtez Garagartzako baserritik irtengo da txerria, eta oraingoz izenik ez duela argitu digu Zuazubizkarrek: "Komisiñokoekin oraindik ez gara egon eta eurak dira izena jartzen diotenak". Komisiñoko kideekin egon gara eta esan digutenez, abenduaren 11n egingo dute prentsaurrekoa Santamasetako txerriaren eta egitarauaren xehetasun guztien berri emateko.
Pisu zehatza ez, baina iazkoa baino pisutsuagoa seguruenik
Pieza handia da Zuazubizkarrek hazi duen txerria, eta oraindik pisu zehatza ez dakien arren, 200 kilotik gorakoa izango dela esan digu: "Iazkoak 240 kilo zituen eta aurtengoak ere antzeko pisua izango du; kilo gehiago, akaso. Oraindik 20 egun geratzen dira eta oraindik apur bat gizenduko du".
Iazkoa baino zikinagoa
Txerria zaintzea ez da lan handia, baina bai egunero egin beharrekoa. Bestalde, iazkoa baino zikinagoa ei da aurtengoa: "Iazkoak alde batean egiten zuen kaka eta beste baten lo. Aurtengoak, berriz, leku berean egiten du kaka eta lo".
Dietari dagokionez, ederto elikatu dute: "Ortuan momentuan dagoena jaten du. Hainbat kalabaza erretiratu ditugu eta orain batez ere hori jaten du. Baina artoz, babarrunaz eta garagarraz egindako pentsua ere jaten du".
Eguna heltzen denean, pena
Lan gogorra izan arren, pena ere sentitzen du Zuazubizkarrek Komisiñokoak txerriaren bila joaten direnean: "Gogorrena da txerria eramaten dutenean. Iaz asko sufritu zuen eta esan digutenez, aurten beste sistema batekin, beste karro batekin, egingo dute. Espero dugu errazago kargatuko dutela"· Gainera, Santamas egunean urte osoko esfortzua jendeak eskertu egiten duela dio.