Egitaraua
Hauxe da egitarau osoa:
- Formula erotikoen txapelketa. Azaroaren 26tik abenduaren 2ra arte. 16 urtetik gorakoendako. Saria: saski erotikoa.
- Mihibero txapelketa. Azaroaren 29an, eguenean. 12-17 urte artekoendako. Erdialdeko Gaztegunean, 17:00etatik aurrera.
- HIESaren informazio puntua. Azaroaren 29an, eguenean. Seber Altube plazan, 19:00etatik aurrera.
- HIESaren kontrako borroka eguna. Abenduaren 1ean, zapatuan.
- HIESaren informazio puntua. Abenduaren 1ean. Seber Altube plazan, 11:00etatik aurrera.
- Sexotasun kontzertua. Abenduaren 1ean, zapatuan. Gaztetxean, 22:00etatik aurrera. Rockaina eta ZZ Blues Band taldeekin. Sarrera, opari eta guzti: 3 euro.
Arrasateko Sexologia zerbitzuak antolatu du aste berezi hau, HIESAren nazioarteko egunaren bueltan. Horren inguruan, gainera, idatzi bat zabaldu du Sexotasun Astearen helburuak-eta zehazten dituelarik, besteak beste.
Mezu berria
Honako hau da idatzia:
"Orain arte egin diren sexu transmisiozko infekzioen sentsibilizazio kanpaina asko, beldurretik egin dira, hau da, jokaera arriskutsuetan jarri da atentzioa, arriskuetan edo sintomatologian. Elkarte ezberdin askoren lana oso ona izan da, hala ere batzuetan, jokabide arriskutsu hauek murrizteko, informazioa zabaltzea nahikoa izango zela pentsatu izan da baina nahiz eta gai honi buruz informazio asko izan, kasu askotan jendeak ez du barneratu informazio hau.
Sexosasun astearekin, mezu honi buelta eman nahi diogu eta mezu berritzaile batetik abiatu: zer egin dezakegu gure gorputza zaintzeko? Sexu bidezko infekzioak galarazteko edo ez bada ere? Gorputzaren osasuna da gure ildo nagusia, osasuntsuak diren jokabide guztietan zentratuz, jokabide arriskutsuetan indarra egin gabe eta mezu argi batekin: sexu harreman osasuntsuak zabaltzea.
Beste alde batetik, sexu heziketan, prebentzioa bultzatu nahi denean, antisorkuntzan jartzen da indar guztia, akonzepzioa ikutu gabe, ahaztuz. Diskurtsoa antisorkuntzan zentratzeak erotika koitalizatzea suposatzen du. Akonzepzio praktiketatik arriskua dakarten jokabideak murrizteaz gain erotika kontzeptua handitzen dugu, koitalizaziotik aldenduz".
Sexosasun astearen helburuak
Honako hauek dira Astearen helburuak, antolatzaileen esanetan:
- Sexu harreman "osasuntsuak" zabaltzea.
- Gorputza zaintzeak dakartzan "onurak".
- "Gure gorputza zaintzeko" bideratuta dauden ekintzak, ohiturak eta jokabideak ezagutzea.
- "Erotika kontzeptua zabaltzea" eta koitora edo genitalizaziora bakarrik ez murriztea.
Formula Erotikoa
Formula erotikoaren txapelketan parte hartzeko herriko hainbat tokietan kutxa eta inprimaki batzuk banatu dituzte, besteak beste:
- Sexologia Zerbitzuan/Gazte Bulegoan.
- BAZen.
- Kulturaten.
- Emakume Txokoan.
- Taberna batzuetan: Taupa, Kajoi, Irati, Iamai, Jaizale, Iturriotz eta Aterpe.
Saria emateko irizpideak
Sariduna hautatzeko, irizpide hauek kontutan hartuko dira:
- Segurtasuna, osasuna eta ongizatea bermatzea (aurretik, bitartean eta ondoren esperientzia positiboa izatea).
- Ahal diren zentzumen gehien aipatzea.
- Aniztasuna azpimarratzea.
- Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna errespetatzea.
- Slow sex izatea ( presarik gabe, orgasmoa helburu ez izatea, esplorazioa berari garrantzia ematea).
- Alkohola edo bestelado drogen beharra ez azaltzea formula gauzatzeko.
- Originala edo berritzailea izatea.
- Zehatza izatea.
- Egingarria izatea.