Hemengo eta Kataluniako futbol selekzioentzako ekipamendua egin du Astorek. Zer moduzko esperientzia izan da?
Oso pozik gaude egindako lanarekin. Prozesu luzea izan da Custo eta Kukuxumusurekin lan egitea, baina, emaitza ikusita, uste dut guztiok geratu garela gustura.
Enpresa kanpoko diseinatzaileekin egindako aurreneko lanak izan al dira ?
Lehenengo aldia izan da. Gure diseinatzaile taldea daukagu eta normalean horrekin funtzionatzen dugu. Aurten zerbait desberdina egin gura genuen eta aukera sortu zen bai Kukuxumusurekin eta baita Custo Barcelonarekin diseinu kontuetan kolaborazio txiki bat egiteko. Interesgarria eta oso aukera ona zela ikusi genuen hasieratik, eta pozik gaude emaitzarekin.
Kukuxumusuren kasuan, euskal enpresa izanda, eta sektore berean lan eginda, ezagutzen genuen elkar eta bi enpresen arteko kolaborazioa izan da. Kataluniako Selekzioaren kasuan, federaziotik etorritako ideia izan zen. Ongi ikusi genuen aukera; Custo Barcelona diseinatzaileak Espainian ez ezik nazioarteko izena du, eta aukera aprobetxatu genuen.
Eta nola egin da lan banaketa?
Astoren, lehenengo, konkretuki ze behar dauden begiratzen dugu, zein bilduma-lan egingo dugun zehaztuz. Hau da, atal bat joko-ekipazioari eskainita dago. Beste bat paseo-atala da, txandalak, poloak... oro har, paseatzeko ekipazioa ere egiten dugu. Eta azkenik, osagaiak ere egiten ditugu: motxilak, poltsak, karterak...
Horri guztiari deitzen diozue kirol ekipamendua, ezta?
Bai, bilduma oso bat dago ekipamenduaren barruan, ez dugu soilik jokatzeko jantzien gainean berba egiten. Jokalariek partiduaren aurretik eta ostean ere jantzi behar dute, eta haientzako arropa egin beharra dago.
Beraz, Astorek lehenengo bilduma nolakoa izango den finkatzen du, eta, behin hori eginda, kasu honetan, Kukuxumusu eta Custoren esku utzi dugu bilduma hori diseinatzeko orduan proiektua nondik nora bideratzeko erabakia.
Behin diseinuari forma emandakoan, berriz itzultzen da lana Astorera, eta produktu horiek garatzen hasten gara, eta segidan ekoiztu egiten ditugu, eta, amaitzerakoan, dendetan ikusiko genuke produktua.
Beraz, diseinatzaileen esku dagoena irudia da, eta zuek arduratzen zarete gainerako guztiaz.
Astorek bere ehunak ditu, bere lan egiteko moduak... Eta, azken finean, diseinatzaile horiek euren grafiko edo irudien ekarpena egin dutela esan daiteke.
Euskal Selekzioa lagun zaharra duzue, gainera.
Bai. Hain zuzen ere, hamazortzi urte daramatzagu haiekin lanean. Bi urtean behin aldatzen dugu bilduma guztia, eta, aurten berria egin behar zenez, Kukuxumusurekin lan egitera animatu ginen.
Urte hauetan guztietan izugarrizko garapena egongo zen ehungintzari dagokionez, ezta?
Astorek datorren urtean 25 urte egingo ditu merkatuan dagoela. Eta zer-nolako ehunak eta nola erabiltzen ditugun begiratuz gero, esaterako, hobetzen joan garela ikusten dugu; Astore eguneratuta dago alde horretatik.
Harrera ona izan du Euskal Selekzioaren jantziak; Kataluniakoak, berriz, polemika sortu du...
Kukuxumusuk bere marrazkietan Euskal Herriko jendea, ohiturak eta beste lantzen ditu. Eta oraingo kasuan ere hori islatu dute; gazteak euren baloi txikiekin futbolean jokatzen ageri dira. Nahiko polita irten da diseinu aldetik.
Kataluniaren kasuan, egia da polemika piztu dela, baina egia da, baita ere, denok dakigula zer-nolako diseinuak egiten dituen Custo Barcelonak. Ez dago oso sartuta kirol munduan, eta susmoa genuen ohituta gauden horren aldean zerbait desberdina egingo zuela. Sant Jordiko ezkutuan agertzen den dragoiaren suan oinarrituta dago irudia. Iruditzen zait zaila dela guztiontzat atsegina izango den zerbaitekin asmatzea.
Etorkizunean lankidetzan jarraituko al duzue diseinatzaile hauekin?
Bi marka hauekin datorren urtean ere jarraituko dugu, bilduma hau datorren urteko abendura bitartean egongo baita dendetan. Eta aurrera begira, momentuan gauzak nola egiten ari diren pentsatzea da egokiena, irekita gaude biharko egunean horrelako kolaborazioetara, aberatsak izaten dira eta.
Zein egoera bizi du egun Astorek?
Momentu honetan Osasuna janzten dugu, pilotan Asperekin eta Asegarcerekin urte dezente daramatzagu eta Euskaltelekin ere egiten dugu lan. Aurreko urteetan beste zenbaitzuekin ibili gara, baina une txarrak dira, eta horietara moldatu gara.
Krisiak denoi eragin digu eta guk ere nabaritu dugu. Esaterako, lehen, merkatu gehiagotan ibiltzen ginen, eta orain, gauzak polikiago egiten ditugu.
Aurretik daukagun erronkarik handiena urtea ongi amaitzea da, eta, aurreikuspenak egitea zaila den arren, datozen urteei begira daukagunari eutsi gurako genioke.