Oraingoan laranja izan da aukeratu duzuen kolorea.
Disko guztiak egin baino lehenago kolorea aukeratu izan dugu. Diskoa grabatu, kaleratu eta elkarrizketa batzuk egin ostean, justifikazio poetiko bat bilatu dugu. Egia esan, ez dugu arrazoi konkreturik, momentuan sortzen den gauza bat da. Horregatik ez diegu diskoei izenik jartzen. Bakoitzari kolore bakoitzak gauza desberdin bat iradokitzen dio.
Disko hau inoiz baino Goseago dela esan duzue.
Bai, inoiz baino gehiago. Gaur egun dagoen egoerarekin, urteetan zehar egin dugun apustua ona izan dela uste dugu. Bai letretan eta baita musikan hustu egin gara. Letrak inoiz baino gogorragoak dira, ez dugu sentitzen edo pentsatzen duguna esateko konplexurik izan. Badira bi edo hiru urte kantu berriekin disko bat egiten ez duguna, eta barruan gauza asko gordeta genituen.
Orain arte zuek ekoiztu dituzue zuen lanak, eta oraingoan, Madrilgo SPAM taldeko Juan Sueiroren eta Moliren laguntza izan duzue. Zergatik?
Kantuak guk sortu ditugu, baina hasieratik SPAM taldekoak lan honetan asko inplikatu dira. Prozesu progresiboa izan da, lan gehienak elkarrekin egin ditugu. Apustu pertsonala izan da, inertzia batean lan egiten sartuta geundela ikusi genuen eta gauzak beste era batera egiteko beharra sentitu genuen.
Espainiako techno eszenan aski ezagunak diren ekoizleengana jo duzue.
Asko begiratu dugu, aukera diferenteak izan ditugu eta genuen techno munduko norbait izan behar zela ekoizlea. Azken finean, gauzak egiteko moduan, batez ere, Gose techno taldea da: abestiak ordenagailuko sekuentziaren aurrean egiten ditugu. Laborategiko lana egiten dugu eta SPAMi gure aukerak eta baliabideak zeintzuk ziren azaldu, eta, gustatu egin zitzaienez, aurrera egin genuen.
Trikiarekin harritu egingo ziren.
Bai, ez zuten instrumentua ezagutzen eta hizkuntza ere oso arraroa egiten zitzaien. Abestien letrak grabatzerakoan beti egoten ziren eztabaidak, baina horrek asko aberasten du. Hala ere, gertuko jendeak ez du diferentzia askorik nabaritu, baina, guk bizi izandakoarengatik, guztiz desberdina izan da.
Kasualitatea edo ez, diskoaren zazpigarren abestiak SPAM du izena.
Patuaren gauza izan da! Diskoa egin aurretik abesti hori egin behar genuela argi genuen. Duela denbora bat komunikabide batek Gose Euskal Herriko spam sortzaile handienetako bat zela esan zuen, eta kantu bat egiteko sekulako gaia eman ziguten. Gaur egun, sarearen anonimatuak babestuta, gauzak oso erraz esaten dira eta albisteak azkar esatean eta ez kalitatean oinarritzen direnei buruz hitz egiten du.
Abesti horretan Arkaitz Biainen laguntza duzue.
Nahiz eta musikalki desberdinak izan, oso gertukoak sentitzen ditugun talde batzuk ditugu eta horietako bat Anger da. Beti bezala, plazera izan da Arkaitzen laguntza izatea.
Zaborra izeneko kantuan ere kolaborazioa duzue.
Eneko Barberenak egin du abestiaren letra. Egia esan, ez gara besteen hitzak abesten dituen talde bat, hori ez dugu gustuko. Eneko da guri abesti baten letra egin digun pertsona bakarra, disko gorrian gurekin kolaboratu zuen eta honetan ere errepikatu du.
Bad F-line taldearen abesti baten moldaketa egin duzue.
Gustuko dugun abestia da, soinu oso industriala du. Musika Bad F-line-ena da, baina hitzak gureak dira. Iñaki talde horren parte izan zen eta guregan eragina izan duen talde bat da.
Autoekoizpenaren alde egiten jarraitzen duzue.
Duela bi hilabete lanez gainezka geundenean, agian beste gauza bat esango nuen... "nazkaturik gaude, dena guk egin behar dugu..." [Barre], baina orain, oso harro esaten dugu oraingo egoera ikusita, autoekoizpena bide duinena dela. Diskoetxeekin izandako esperientzia eta eskaintzak ez dira gure beharretara moldatu eta horregatik egiten dugu autoekoizpenaren aldeko apustua. Ez gaude diskoetxeen aurka, gure alde apustu zintzoa eta interesgarria egiten badigute gustura onartuko genuke, baina, tamalez, ez dugu gure beharretara moldatzen den eskaintzarik jaso.
Durangoko Azokako Ahotsenean aurkeztuko duzue diskoa.
Urtean behin kulturzale edo kultura militante bihurtzen gara! Behintzat kulturan kontsumitu eta saltzeko lekua dugu, nahiz eta hori euskal kulturan oasi bat izan. Autoekoizpenaren apustua egiten dugunontzat gure musika saltzeko leku bakarretarikoa da eta aurten, bertan egingo dugu gure lehenengo kontzertua. Gainera, Ahotseneak azoka dinamizatu egin du eta erakusleiho bikaina da. Kontzertua formatu txikiago batean da, baina duen garrantzi guztia eman nahi izan diogu.
Noiz hasiko zarete kontzertuak ematen?
Urtarriletik aurrera zuzenekoak egiten hasiko gara. Orain diskoa aurkeztu eta elkarrizketak egiten gabiltzan bitartean, ikuskizun berria prestatzen ari gara. Diskoaren ekoizpenean bezala, ikuskizunari ere buelta bat emango diogu. Zerbait desberdina emateko beharra sentitzen dugu.