La Unicaren kontra bistaratu da sailkapenaren 'gezurra'

Xabier Urtzelai 2012ko azaroaren 25a

Lehenengo fasea zapore gozoz amaitu dute Arrasate Errugbi Taldeko mutilek. Urteko lehen zatiaren balorazioa ezin da positiboa izan, baina bai zapatuko partiduarena (20-20). Eta etxekoek merezi zuten halakorik.

Zapatuan zuri-moreek ez zuten aspaldiko partidurik onena egin, ez ziren kontrarioaren gainetik pasa eta ez zituzten entseguak bata bestearen ostean lotu. Ez. Baina hori guztia egin barik ere posible da kontrarioa estu hartzea, sailkapenaz ahaztu eta aurrez aurre jokatzea, eta horrek batzuetan garaipen batek baino balio handiagoa izaten du.

Talde gogorraren itxura

Orain arte sailkapenak erakusten zuen Arrasatekoak zirela talde makalena zutenak, eta atzo erakutsi zuten, ligako kontrario gogor baten kontra, hori ez dela egia. Igor Isasiren mutilek La Unica taldea izan zuten aurrean, hurrengo fasean goiko multzoan egongo den taldea. Eta etxekoak garaipena posible zela pentsatuta zelairatu ziren, eta halaxe jokatu.

Lehia oso parekatua izan zen. Kanpotarrek erakutsi zuten zergatik dauden aurrean, eta egia da Arrasatekoek zailtasun handiak izan zituztela baloia lapurtzeko. Baina, Iruñeakoak berehala konturatu ziren partidua irabazteko ondo jokatzeaz gain izerdia egin beharko zutela.

Bigarren zatia zaleak harrapatzeko modukoa izan zen; markagailuan parean Andyk entsegua egin eta talde zuri-morea aurreratu zuen –Arrasateko bi entseguak izan ziren bereak; azken minutuetan, baina, kanpokoek ez zuten amore eman, eta orduan ikusi zen La Unicaren indarra. Hala, partidua amaitzeko bost minuturen faltan partidua berdintzeko gauza izan ziren nafarrak (20-20): "Pozik gaude egindako partiduaz. Lan kontuengatik astero ezin izaten dugu guztiok entrenatu, eta partiduetan igarri egiten da hori. Horregatik gorabehera handiak izaten ditugu, baina, gaur erakutsi dugu La Unica moduko talde sendo bati aurre egiteko kapaz garela", adierazi zuen taldeko kapitain Beñat Salaberrik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak