Arrasateko altzairuari keinua, borroka arteen galan

Xabier Urtzelai 2012ko azaroaren 24a

Arrasateko Aikido Elkarteko lagunek antolatuta jende asko batu da goizean egin duten Euskadiko XII. Borroka Arteen galan: "Gu ere Realekoak moduan hasi gara. Gaztetxoenei sarrerak oparitzen dizkiegu, eta eurekin batera gurasoak erakartzen ditugu", adierazi digu barrez Aikido taldeko arduradun Jose Manuel Matasek.
Antolatzaileek pozik egoteko motiboak zituzten, Uarkapen jende dezente batu delako ekitaldia ikusteko: "Nik esango nuke 400 lagun inguru batu garela; gainera, ekitaldian bertan teknikoki maila ona egon da".

Motorrak berotzen lehenak Arrasate Dragoi Taldekoak izan dira, ekitaldira gonbidatutakoak.

Eta ondoren Gasteizko Kendo Shindokai klubekoen txanda izan da: "Erakustaldi baterako oso aproposak dira, janzkera ikusgarriak dituztelako, eta euren artean kontaktu fisikoa egoten delako".

Jarraian etxekoak igo dira tatami gainera, Arrasate Aikidokoak: "Arrasaten 40 lagun inguru ibiliko gara eta ekitaldian 12 lagun inguruk hartu dugu esku. Txarto dago esatea, baina uste dut teknikoki etxekoek oso lan ona egin dutela. Akaso beste borroka arteetakoak fisikoki hobeto zeuden, baina arlo teknikoan oso lan txukuna egin dugu, eta gainera jende berria genuen taldean".


Hala ere, Arrasateko maisuak azpimarratu du borroka arte horiek aldera ezinak direla: "Batak bestearekin ez du zerikusirik. Batzuk kirol lehiaketara bideratu dituzte, beste batzuk, aldiz, klasikoak dira, biziraun dezaten praktikatzen direnak".

"Proiektu interesgarria da"

Ekitaldian batutako dirua Mugarik Gabeko Medikuei emango diete Aikidokoek: "Orain arte inguruko Gobernuz Kanpoko Erakundeekin lan egin izan dugu, baina lantegiko medikuarenean nengoenean izan nuen proiektu honen berri, eta interesgarria iruditu zitzaidanez eurekin jarri nintzen harremanetan. Beno, bi euroko sarrera kobratuta batzen duguna ez da asko, baina...". Hala, Euskadiko Borroka Arteen Galan batutako dirua erabiliko dute Saharako hegoaldean dagoen Sahel herrian desnutrizioaren kontra egiteko. .

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak