Beste urte batez, Emakumeen kontrako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, Arrasateko Udalak biolentzia matxistarekiko gaitzespena agertuz, haren aurka lanean jarraitzeko konpromisoa hartzen du, gure Udalerrian ere irauten duen gaitza baita.
Emakumeenganako indarkeriaren kontrako edozein adierazpen gaitzesten dugu, dimentsio orotan (fisikoa, psikologikoa, sexuala, sinbolikoa…), baita sexismo mota oro ere, arinenak eta normalizatuenak barne, esaterako: sexuaren araberako rol estereotipatuak; neska eta emakumeen ikusezintasuna bizitzako hainbat arlotan, bigarren mailara zokoratuz; sexu eta ugalketa eskubideen ezeztapena; edota pertsonekiko diskriminazioa euren sexu-aukeraren edo genero identitatearen ondorioz.
Belaunaldi gazteagoen artean emakume nahiz gizonen arteko desberdintasunak eta emakumeenganako indarkeria gailenduta daudelako mitoa baino haratago, errealitateak erakusten digu gazteen artean dagoen indarkeria matxista, baita adinez txikikoen artekoa ere, benetan kezkagarria dela.
Horregatik, Udalak emakumeen aurkako biolentziarekiko hartuko duen jarrera, bikote edo bikote ohi eremuan ematen den biolentziatik haratagokoa izango da. Gertatzen diren erasoen aurrean eta gertatzen diren eskubideen murrizketak direla medio, zera diogu:
− Bikote edo bikote ohi eremuan ematen diren etengabeko tratu txar fisiko eta psikologiko adierazpenak SALATZEN DITUGU. Emakume izate hutsagatik kolpe, jipoi eta heriotzak gertatzea onartezina da.
− Hainbat ordezkari politiko, agente sozial, judizial eta komunikabideren aldetik egindako adierazpenak SALATZEN DITUGU, emakumeak herritar tutelatu gisa eta norbere bizitzaz erabakitzeko ahalmenik gabe kokatzen direlako.
Ezinbestekoa da ulertzea ezin daitekeela emakumeenganako indarkeriaren kontra borroka egin, gizonezkoen eta emakumezkoen ereduak sakon eraldatu gabe, ez eta gizonezkoen eta emakumezkoen arteko harreman afektibo eta sexualak eraikitzeko modua aldatu gabe ere.
Horregatik guztiagatik, Udal honek, emakume eta gizonezkoen arteko berdintasuna oinarri izango dituen beste eredu sozial baten eraikuntzan aurrera egiteko konpromisoa hartzen du. Bide hau urratuko du, mugimendu feministari entzunez eta berarekin parte hartuz, norabide honetan egindako ibilbideagatik eta helburu hori lortzeko duen lidergo historikoagatik.
Halaber, Tokiko Gobernuok konpromiso aktiboa izan behar dugu udalerriko gazteekin lan egin eta indarkeria matxista prebenitzeko, ahalegina eginez eta beharrezkoak diren baliabideak eskainiz. Hori horrela, errespetuan, askatasunean, autonomian eta berdintasunean oinarritutako harremanak eraikitzen lagunduko diegu gazteei.
Prebentzioko prozesu honek erreferentziazko eredu berriak sortzea ahalbidetzen du, hain zuzen ere, mutilek eta gizonek pribilegiozko jarrerarik eduki ez dezaten nesken eta emakumeen aldean, izan ere, indarkeria matxistaren jatorria emakumeen menpekotasuna eta diskriminazioa betikotzen duen botere-harremanean dago. Beldur Barik programan Euskadiko udalek hartzen dute parte, eta helburua da sexismotik aldentzen diren neska-mutikoen jarrera positibo eta egunerokoak antzeman eta ikusaraztea, izan ere, jarrera horiek rol tradizionalekin hautsi eta gizarte berdintsuagoa eraikitzea dute xede.
Erakundeetatik eta, erakunde hurbilenetik, udaletik, indarkeria matxistaren kontrako ardura soziala eta politikoa gure gain hartu behar dugu, eta, horretarako, norberaren aurreiritziak, rolak eta eguneroko jarrerak berrikusi beharko ditugu. Norberak erantzukizun horiek bere gain hartuz gero, aldaketarako konpromisoa lortuko da.
Horregatik guztiagatik, Arrasateko Udalak:
KONPROMISOA HARTZEN DU, bere eskumenen esparruan eta indarreko legeria aplikatuz, emakumeenganako indarkeriaren aurkako udal politika aktibo, osoa eta koordinatua garatzeko. Horretarako aurrekontuan emakumeenganako indarkeriaren aurka dauden programa guztiak mantenduko ditugu.
KONPROMISOA HARTZEN DU gazteak indarkeria matxistaren gainean sentsibilizatu eta hura prebenitzeko moduak lantzeko, Beldur Barik programa tresna gisa hartuta.
KONPROMISOA HARTZEN DU, autodefentsa feministaren beharra transmititzeko eta emakumeak animatzeko lanketa berezia egin dezaten, horretarako bitartekoak jarriz.
GONBITEA EGITEN DIE herritar guztiei, konpromiso pertsonalak eta kolektiboak hartzeko, emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasunaren alde, baita edozein indarkeria edo diskriminazio sexista gaitzesteko ere.
GONBITEA EGITEN DIE herritar guztiei, eta bereiziki neska-mutilei, azaroaren 25ean, Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, herri edo eskualde mailan antolatzen diren mobilizazioetan parte hartzeko.
Arrasaten, 2012ko azaroaren 22an.
ARRASARTEKO UDALEKO BOZERAMAILEEN BATZORDEA
BILDU Udal Taldea
ARALAR Udal Taldea
EAJ-PNV Udal Taldea
PSE-EE Udal Taldea
Iraia Sola
Joxe Etxeberria
Juan Karlos Garitano
Aritz Arrieta