Arrasate Musikaleko kideek bi kontzertu eskainiko dituzte gaur eta domekan. "Lehen Santa Zezilia egunaren harira kalejira bakarrik egiten genuen, baina iaztik kontzertuak antolatzen ditugu". Hala adierazi digu Arrasate Musikaleko Edorta Ayastuyk.
Ikasleen txanda
Musika eskolako ikasleek euren abilezia erakutsiko dute gaur Kulturateko areto nagusian. Hitzordua 18:30ean izango da eta taldeka zein bakarka pieza ugari interpretatuko dituzte 40 bat lagunek. Oboeak, tronpetak, akordeoiak, klarineteak, saxofoiak, flautak... Askotariko musika instrumentuekin aterako dira ikasleak jendaurrera, eta Tijuana Brass, Mi primer Vals, edota Amona Mantal Gorri moduko kantuak joko dituzte.
Bestalde, Arrasate Musikalen baitako Haize Egur Taldeak eta Jurasiko´s Taldeak ere beraien tartea edukiko dute gaurko hitzorduan: "Jurasiko's-ekoek Aita jauna filmaren soinu-banda eskainiko dute, besteen artean, biolontxelo, flauta zein gitarra elektrikoak baliatuz".
Domekan banda kalera
Asteburuko bigarren hitzordua domekan izango da. Hala, Arrasate Musikaleko Banda kalejiran irtengo da herriko kaleetatik 11:00etan. Jarraian, 13:00ean herriko plazan egingo du emanaldia, eta euria eginez gero berriz, San Frantzisko elizara lekualdatuko dute kontzertua, antolatzaileek adierazi dutenez.
Jose Ramon Vitoriak 1994an sortutako taldea haziz joan da urtez urte, eta "domekan 55 lagun inguru elkartuko dira kontzertuan Mikel Markiegi zuzendariaren gidaritzapean", Edorta Ayastuyren arabera.
Puenteareas, Katiuska, Colonel Bogey, Orpheus in de onderwereld, Amapola eta Amaikagazte piezak joko ditu Arrasate Musikaleko Bandak haiek entzutera bertaratzen direnen gozamenerako.