Orain arte antolatutako ekitaldien balorazioa "ezin positiboagoa" da antolatzaileen aldetik: "Biolentzia matxistaren gaia kalean egotea nahi dugu eta antolatutako ekitaldiek horretarako bidea eman dute", adierazi du Amets Beltran de Gebara Emakume Txokoko dinamizatzaileak.
Antzezlan arrakastatsua gaztetxean
Hilaren 9ko Una historia de amor en tiempos de rock and roll. Johnny and Jane antzezlanak 100 lagun inguru erakarri zituen gaztetxera: "Jendeak asko gozatu zuen antzerkiaz, barre algarak ez ziren falta izan". Zine zikloak ere "harrera ezin hobea" izan du orain arte; film bakoitzean 60 bat lagun elkartu dira. Baina ekitaldiak ez dira hor amaitzen: etzi, hilak 25, eraso sexisten kontrako murala margotuko dute, 17:00etan. Parte hartzeko Emakume Txokora deitu behar da (943 79 41 39). Gero, elkarretaratzea egingo dute Herriko plazan, 19:00etan.
Komiki tiren lehiaketa
Horrez gain, gogoratu dute lehenengoz antolatu den komiki tiren lehiaketarako izen-emate epea abenduaren 7an amaitzen dela. Azkenik, hurrengo aste bukaeran Indarkeria sexistari aurre egiteko estrategiak deritzon tailerra egongo da Edurne Epelde eta Leire Ibarguen adituen eskutik. Izena emateko Emakume Txokora deitu behar da.
Eraso 'txikiak' azaleratu asmoz
Mikromatxismoa deritzon fenomenoaren aurka borrokatzea da aurtengo helburu nagusia: "Egunerokoan denok ditugun jarrera sexista txikiak, era sotilagoan ematen diren erasoak, kaleratu gura ditugu", diote.