Fagor Etxetresnen bi arlok Bikain euskara ziurtagiria lortu dute

Leire Kortabarria 2012ko azaroaren 22a

Fagor Etxetresnek hizkuntza kudeaketaren Bikain ziurtagiria lortu dute Hotzaren eta Zerbitzu Zentralen arloetan. Errekonozimendu hori EuskoJaurlaritzak eman ohi du urtero, Euskalit-en bidez, eta erakundearen euskararen erabilera, presentzia eta kudeaketa egiaztatzen ditu.

Zehazki Hotzaren arloak Urrezko Bikaina lortu du, kalifikaziorik altuena, eta Zerbitzu Zentralek Zilarrezko Bikaina jaso dute.
 
Kalitate-ziurtagiri honek erakundeen hizkuntza-kudeaketako indarguneak eta hobetzekoak identifikatzen ditu, komunikazio instituzionalaren, irudi korporatiboaren, barne eta kanpo harremanen eta hizkuntzaren gestioaren inguruko adierazleak ebaluatuz. 

"Aurrerapen nabarmenak"

Jabier Retegik, Fagor Etxetresnen presidenteak, dio "hasiera-hasieratik, helburu estrategikotzat" izan duela enpresak "arlo guztietan euskaraz lan egin ahal izatea". Gaineratu duenez, "erronka hori  lankideen esfortzuari esker lortu” dute. Gogorarazi du konpainiak bizi duen nazioartekotze-prozesua euskararen sustapenarekin bateragarria dela.

Fagorrek esan du "aurrerapen nabarmenak" egin dituela bere ahozko zein idatzizko komunikazioetan, enpresaren arlo guztietan, baita aplikazio informatikoetan eta identifikazio-paneletan ere. Era berean, konpainiak lanean jarraitu du Euskal Herriko hornitzaile eta bezeroekiko harremanetan euskararen erabilera areagotzeko, webak, produktuen eskuliburuak, kontratuak eta promozioetako materialak euskaratuz.

Gaur arratsaldean banatuko dira Bikain ziurtagiriak Gasteizen, eta bertan izango da ere Elkar-Hezi ikastetxea bere ziurtagiria jasotzen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak