Kooperatibismoaren gaineko ekitaldia izango da bihar, gazteek antolatuta

Leire Kortabarria 2012ko azaroaren 22a

Kooperatibismoaren eta horren baloreen inguruan gogoeta egiteko aukera izango da bihar goiz osoan, LEINN graduko Snatu Coop.-eko gazteek eta Arizmendiarrietaren Lagunen Elkartearen eskutik, Aktion izeneko ekitaldian, Garaia guneko Living Lab-ean. Umorea ere izango da, Angel Alkainen eskutik; eta Edurne Pasabanek hitzaldia egingo du. Denok gonbidatzen dituzte LEINNeko antolatzaileek: Guztion parte-hartzetik jaiotzen dira aldaketak, bada garaia da, hain zuzen, ekitaldiaren leloa.

Josu Enekotegi, Xabi Igoa, Danel Mazmela eta Elene Arriolak osatzen dute antolatzaile taldea. Euren esanetan, "ideia nagusia adin eta esparru desberdinetako pertsonak elkartzea da, hare eta ideia-sormen handiena batzeko".

Horretarako, honako egitaraua antolatu dute: 09:15ean hasiko dira, materiala banatuz; 09:30ean, aurkezpena; 09:45etik 11:00etara, sortzailetasuna eta naturarekiko maitasuna lantzen duen GaraiOn aisialdi taldearekin saio bat izango dute; 11:00etatik 12:30era, World Coffee formula jarraituz, hainbat mahai antolatuko dituzte, istorio banarekin, eta mahai bakoitzeko istorioei erantzukizuna emateko lan egingo dute.

12:30ean izango da umorearen txanda, Angel Alkainekin. Gero, 13:15ean, lanak aurkeztuko dituzte. Bukatzeko, Edurne Pasabanek hitzaldia egingo du, eta bukatutakoan, 14:30 aldera, luntxa egingo dute.

Besteak beste, honako gaien inguruan gogoeta egiteko aukera eman gura diete parte-hartzaileei: Zer da kooperazioa? Kooperatibistak gara?; Nolako mundua ari gara eraikitzen?; Zer egin dezakegu gure artean? Eskolan, familian, enpresan, gizartean…; Hitz egiten dugu gure artean gizarte honetan?…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak