Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Euskararen legeak 30 urte beteko ditu heldu den azaroaren 24an. Jada igaro dira hiru hamarkada euskararen herrian bertako hizkuntza normalizatzea helburu duen legea onartu zenetik. Urteotan, egin beharreko bidearen zati bat egin denik ezin ukatu daitekeen arren, ukaezinak dira era berean "sumisioan oinarritutako 30 urte, arrotzek inposatutako mugak nekez urratu ditugun 30 urte, azken finean, herrialde honetako Euskararen Legearen gerizan igarotakoak".
Euskal Herrian Euskarazek negargarritzat jo du euskaldunon errealitate juridikoa: "Jakin badakigu herri euskaldunak bere hizkuntza eskubideak zatikatzen dituen legeria ezberdinak pairatzen dituela. Teorian ofiziala izan baina teoriaren letra txikian zein eguneroko praktikan beste hizkuntza ofizialaren ondoan menpeko estatusa duen onarpenetik hasita, Nafarroa Garaian pairatzen dugun zonifikaziotik igarota, Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beheren eduki ere ez daukagun errekonozimenduraino, herri euskaldunaren errealitate juridikoa negargarria da. Asmo on eta hitz ponposoen atzean 30 urteren buruan zerbitzu oinarrizkoenak ere norbere hizkuntzan jasotzeko ezintasuna, euskaraz bizitzeko debekua bizi dugu euskaldunok".
Aldarrikapen horiekin, esan bezala, larunbatean 13:30ean Arrasateko Herriko plazan elkarretaratzea izango da eta arratsaldean Gasteizko Andra Mari Zuritik Legebiltzarrera giza-katea egingo dute.