Jon Barriocanal: "Adin eta gustu guztiendako egitaraua prestatu dugu San Andres eguna dela-eta"

Jokin Bereziartua Lizarazu 2012ko azaroaren 20a

Maiatz erdialdean, San Andresko jaiak amaitu ostean, izendatu zuten Jon Barriocanal (Arrasate, 1978) auzoko alkate. San Andres eguna da hilaren 30ean eta egun berezi hori ospatzeko egitarau zabala prestatu dute: "Adin eta gustu guztiendako egitaraua prestatu dugu", dio. Nobedade nagusia da 80 urtetik gorakoen omenezko bazkaria; auzoko jaietan ez zen egin eta San Andres egunerako atzeratu zuten. Izena emateko azken eguna hilaren 22a da, Etxaluzen. San Andresen erroldatuta egotea eta Nortasun Agiria eramatea nahikoa da. EGITARAU OSOA ALBISTE BARRUAN.

Aitor Guridi aurreko auzo alkateak berreskuratutako azokari jarraipena eman gura dio Jon Barriocanal buru duen taldeak. 2008an berreskuratu zen lehenengoz eta bi urtean behin egiten da: "Auzoari bizitasuna eman gura diogu, hori da helburu nagusia".

20 postu azokan

Gudarien plazan egingo den azoka izango da egitarauko izarra. Kanpoko zein bertako produktuak egongo dira, izan ere, herriko estremadurarrek, andaluziarrek eta galiziarrek asistentzia bermatu dute. Eurekin batera, hileko hirugarren zapatuko azokan parte hartzen duten baserritar batzuk ere egongo dira eta baita Aramaioko sagardogileak ere. Artisauak ere ez dira faltako. Guztira 20 bat postu espero dira.

80 urtetik gorakoen omenezko bazkaria

Aurtengo nobedade nagusia da 80 urtetik gorakoen omenezko bazkaria. Normalean auzoko jaietan egiten dute bazkarian baina aurten jaiak prestatzeko arazo batzuk izan zirenez, San Andres egunerako atzeratzea erabaki zuten. San Andresen erroldatuta dauden 80 urtetik gorako guztiak daude gonbidatuta; auzoko gizonezko zaharrenari txapela oparituko diote eta emakume edadetuenari, aldiz, zapia. Gainerakoek termo bat jasoko dute opari.

Izena emateko Nortasun Agiriarekin agertu behar da auzo alkatetzan, Etxaluzeko bigarren solairuan. Izena emateko azken eguna azaroaren 22a izango da; Barriocanala adierazi digunez, orain bertan 34 auzotarrek eman dute izena: "40 lagun elkartzea espero dugu gutxienez", dio.

Corazon de Encina estremadurarren egoitzan egingo da bazkaria, abenduaren 1ean, 14:00etan.

Behean, egitarau osoa.

San Andres Auzoko Azoka

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak