Urriaren amaieran Ginebran (Suitza) izan zen, Kontinente Arteko Kyokushin Txapelketan, eta 90 kilotik beherakoetan txapeldun izan zen, hiru borrokaldi gainditu ostean: "Halakoetan brometan esaten dugu kolpe entsalada bat jasotzera joaten garela. Bai, txapelketak gogorrak izaten dira".
Duela hiru aste jokatu zenuen txapelketa. Zer moduz?
Oraindik borrokaldien arrastoak ditut, baina 15 egunez atseden hartu ostean gogor entrenatzen hasita nago, abenduaren 15ean Espainiako Txapelketa jokatuko dudalako Zaragozan.
Non dituzu arrasto horiek?
Batez ere behatz batean hartu nuen min. Finalaren ostean Open bat jokatzeko aukera eman ziguten, baina ezinezkoa zen, behatza lehertuta neukalako. Oso borrokalari gutxi animatu ziren Openean esku hartzera, denok ere txapelketa lur jota amaitu genuelako.
Zelan sailkatu ziren Kontinente Arteko Txapelketarako?
Ez zen sailkapen faserik egon, gonbidapena jaso genuen. Ni Bergarako Giartzu gimnasioan entrenatzen naiz, Luis Muñoz da nire maisua, baina tarteka Gasteizera joaten gara beste borrokalari batzuekin entrenatzera, Yin-Yang gimnasiora. Bailaran ez daukat norekin entrenatu, eta Gasteizen, ordea, bai. Eta, hango gimnasiokoek jaso zuten txapelketara joateko proposamena, eta eurek gonbidatuta joan nintzen.
Gonbidapena txapelketara joateko, baina gastu guztiak zuen poltsikotik ordaintzen dituzue, ala?
Bai, bai, nahiz eta txapelketa irabazi etxera eramaten dugun gauza bakarra kolpe entsalada izaten da [Barre]. Errusiako eta Bulgariako borrokalariek laguntza handiak izaten dituzte, lurralde haietan borroka arteek garrantzi handia dutelako. Dakidanez, Errusiako presidente Putinek diru-laguntzak bideratzen ditu borroka arteetan jarduten dutenendako, eta jarraipen handia duten kirolak dira. Uste dut, gainera, Joko Olinpiko bilakatzeko eskaria egin dutela, edo hori bultzatu guran dabiltzala. Horretarako, baina, borrokaldiak babes handiagoz izan beharko dira.
Hiru eguneko asteburu luzea izan zenuen Ginebran. Zelako txapelketa izan zen?
Hegaldi arazoak tarteko gu iritsi ginenerako lehenengo eguneko borrokaldiak hasita zeuden. Hala, gure kategoriako borrokaldiak urriaren 27an izan ziren, goizez sailkapen faseak, eta arratsaldean finalak. Goizean bi borrokaldi gainditu nituen. Lehenengoa bi minutuko saioa izan zen, eta ez dut gogoan kontrarioa nondarra zen. Bigarrena, berriz, Frantziakoa zen, eta borrokaldia 6 minututara luzatu zen. Eta arratsaldean finala izan nuen, suitzar baten kontra; finalera iritsi izana pozik egoteko modukoa bazen, txapelketa irabaztea zer esanik ez.
Egun batean jokatzen duzue txapelketa osoa.
Bai, bai, derrigorrez izan behar da horrela. Hurrengo egunean ez ginateke izango borrokan egiteko kapaz, gorputz osoa minduta izaten dugulako. Horregatik, egun bakar batean egiten da dena, eta normalean, finalera sailkatzen dena justu-justu iristen da azken borrokaldi erabakigarrira.
Kirol gogorra da.
Bai, karatearen barruan dagoen gogorrena dela esango nuke. Karatean posible da txapelketetan esku hartzea, baina beste modalitate batzuetan, puntura, esaterako; hau da, kontrarioaren gorputzera iristea da helburua, kontaktua egon dadila, baina kolpe gogor barik. Gure txapelketetan, baina, ez da asko behar min hartzeko. Azken batean, ostikoak eta ukabilkadak baimenduta daude; esaterako, aurpegira ukabilkada zuzena ez dago baimenduta, baina bai ostikoa.
Non hartzen duzue min gehien?
Hanketan, esaterako, kolpe handiak hartzen ditugu.
Hori ere entrenatu egin beharko duzue.
Bai, noski. Halako txapelketa baterako fisikoki oso indartsu egon behar duzu, baina baita mentalki ere. Sufritzera ohitu behar zara, eta momentu horretan buruari esan ez duzula minik sentitzen. Nire maisuak esaten duen moduan, kontrarioarengan zalantza sortu behar duzu, bere bururarengan duen konfiantza gal dezala; hori lortuz gero asko duzu irabazita. Halako txapelketa bat, baina, ez da bi hilabetean prestatzen. Denbora tarte horretan prestakuntza berezia egin zenezake, baina urte osoan zaindu behar gara, kirola egin, entrenatu...
Borrokaldiaren aurreko uneak gogorrak izango dira, kontrarioa nor den ikusi eta...
Bai, bai [Barre]. Tentsio handiko unea da, baina horretarako entrenatu gara. Nire ustez, baina, askoz okerragoa izaten da txapelketa aurreko astea, oso urduri egoten naiz.
Gainera, 90 kilotik beherako kategoria barruan jende indartsua egongo da, borrokalari handiak izango dituzu aurrean. Badirudi pisu arinetan zailagoa dela min hartzea.
Bai. Ni gorpuzkeraz ez naiz oso handia, baina altua naiz eta kontrarioarendako zaila da ostikada batekin aurpegiraino iristea. Borrokalari asko ni baino askoz txikiagoak dira, hori bai, zelako lepoa duten ikusi eta idia dirudite [Barre].
Euskal Herri mailan asko zarete karatearen barruan Kyokushin egiten duzuenak?
Bueno, gutxi gorabehera, 20-30 lagun ibiliko gara. Egia da txapelketetara joatea ez dela horren erraza, ondo prestatzeko denbora behar delako, tartean lesioak egoten direlako eta motibatuta egotea ezinbestekoa delako.
Gutxi izango dira beterano mailan ere txapelketetan jarraitzen dutenak, ala?
Ez daude asko, ez. Pablo Estensoro donostiarra da beteranoetako bat (Yin-Yang gimnasioko borrokalaria). 35 urte inguru ditu eta urte mordoa egin ditu lehian, gazte-gaztetatik. Ea pilak gastatzen ez zaizkion esanten diogu.
Suitzako txapelketa irabazi izanak indarra emango du.
Bai, sekulako indarra, batez ere gogor entrenatzen jarraitzeko. Aurreratu moduan txapelketetan jarduteko motibazioa oso gauza garrantzitsua da. Kirol jarduera hau ez da oso ezaguna, eta baliabide gutxi daude hemen; gainera, oraingo egoerak ez du laguntzen. Baina, kirol honetan aurrera jarraitzeko indarra eman dit, izan ere, aurreko Europako Txapelketan oso zapore garrantzaz amaitu nuen, eta honekin buelta eman diot.
Zeintzuk dira hurrengo erronkak?
Munduko Txapelketara joatea gauza handia izango litzateke, baina Japonian da, eta diru asko behar da bidaia hori egin ahal izateko. Egia da estantzia ordainduta izaten dugula, baina bidaia garestia da. Hala, abenduaren 15ean Espainiako Txapelketa jokatuko dut Zaragozan, eta lan ona egin nahiko nuke. Eta, 2013an Europako Txapelketan esku hartu nahi dut.