15 urteren ondoren bizirik jarraitzeko errezeta zein da?
Adiskidetasuna. Anger lagun talde batek sortu genuen, eta gaur egun ere lagun talde bat izaten jarraitzen dugu. Sekreturik egotekotan hori dela uste dugu, orain dela 15 urte ondo pasatzeko elkartu ginen, eta oraindik ere hori da gure helburu nagusia, musika eginaz disfrutatzea. Horrez gain, taldearen espektatiba eta norberaren bizitza pertsonalaren artean oreka bat aurkitu dugula uste dugu. Taldearen erritmoa oso garrantzitsua da, bolada batzuetan makinak azkarrago funtzionatzen du, beste batzuetan, ordea, astiroago; oreka hori aurkitu eta errespetatzean dago gakoa.
Bide luze honetan taldea asko aldatu da?
Eboluzio natural bat izan dugu. Soinu aldetik, esaterako, aldaketa nabarmena egon da, urte guzti hauetan bakoitzak musika asko entzun duelako eta horrek eragina duelako. Adibidez, teknika hobetu egin dugu, baina azken boladan teknika hori alde batera utzi eta abestien erroetara bidaitzen saiatu gara: kanta on bat egiten saiatu eta teknika abestia hobetzeko erabili.
Nolakoa izan da grabazioa?
Orain artekoekin alderatuz, prosezu ezberdina jarraitu dugu. Aurreko diskoak grabatzeko, lokalean dena ondo pentsatuta geneukan eta egun gutxi batzuetan grabatzen genuen. Hirugarren azalerako, ordea, aurrez abestien maketak egin arren, estudiorako denbora luzeagoz joan gara. Bertan, kanta bakoitzarekin froga asko egiteko aukera izan dugu eta horrek diskoan isla duela esan digute. Produkzio handiagoa izan duela esan daiteke.
Berriz ere Josema Linazasororekin grabatu duzue, ezta?
Bai, oso eroso sentitzen gara berarekin eta aurretik esan dudana, hein handi batean, Linazasororekin grabatu dugulako izan da posible. Taldearen ibilbidea gertutik bizi izan du, harekin grabatutako laugarren diskoa da hau, eta gure soinua inork baino hobeto ezagutzen du. Momentu batzuetan, gidatu egiten gaituela esan daiteke, gure artean konfiantza handia dagoelako.
Zein da diskoaren nondik norakoa?
Disko kontzeptual bat dela uste dugu, musika aldetik baino, hitzen aldetik batez ere. Letrak egiten hasi aurretik, kontzeptu bat aukeratu eta horri bueltak eman genizkion. Kasu honetan kontzeptuaren abiapuntua espektakulu eta irudiaren gizartea da. Horren bueltan gaur egun hainbat gauza ilun daude eta hori abiapuntu bezala hartuta, lanari ekin genion.
Zer da Hirugarren azala?
Izenburua Ramón Fernandez Duran idazle aktibistaren liburu batetik maileguz hartu genuen. Hala ere, hortik haratago joan gara, Ekainen (baxujolea) esanetan, gaur egungo gizartearen biopsia egin dugu. Bisturi bat hartu eta lehen begiratuaz ikusten denetik haratago joaten saiatu gara. Lehenengo azala gure gorputzeko azala da; bigarrena, metropolia, gure egunerokoan inguratzen gaituena; eta hirugarrenean, komunikabideak, sare sozialak, kontsumora bideratzen gaituen publizitatea… hiper- errealitatearen azala, errealitatea errealago bihurtzen duen geruza. Azken urteetan, botereak pertsonak hirugarren azal honetan bizitzera eraman ditu, eta hau da gure disko edo istorioaren abiapuntua.
Posible da egun errebelde izatea?
Hasteko, errebeldia zer den definitu beharko litzateke, baina argi daukagu sistemak saltzen duena aurrefabrikatutako errebeldia dela. Horrek ez du esan nahi alternatibarik ez dagoenik, baina sistemak edo botereak ez du horren berri emango.
Banaketa nola egingo duzue?
Auto-ekoizpena izan da Angerren bide naturala. Kaleratu ditugun lan guztiak plataforma independenteen bidez zabaltzen saiatu gara. Oraingoan, Bonberenea ekintzak-ekin banatuko dugu diskoa, eszena independentean erreferentea delako. Anger ez dugu espektakuluaren makinaren parte sentitzen, beraz auto-ekoizpena da bidea, gure buruarekin zintzoak izaten saiatu gara.