Literaturako Nobel Saria euskaratzeko beka, abian

Ubane Madera 2012ko azaroaren 20a

Deitu dute XXVI. Jokin Zaitegi beka edo sariketa. Aurten, Mo Yan idazle txinatarra izan da Literaturako Nobel Sariduna, eta beraz, Shifu yuelaiyue youmo bere ipuin-bilduma itzultzea izango da egin beharrekoa. Sariketara aurkezteko, ipuinaren hasierako atala euskaratu eta AED elkartera bidali beharko da abenduaren 20a baino lehen. 4.500 euroko beka emango dute antolatzaileek: AED elkarteak eta Elkar argitaletxeak, Kutxa fundazioaren laguntzarekin. 

Sariketan parte hartzeko, dokumentu bi bidalii behar dira AEDra mezuaren barruan: batean, itzulpena bera aurkeztuko da, ezizen batekin; bestean, ezizen horren ostean dagoen itzultzailea nor den azalduko da, harremanetan jartzeko moduarekin batera. Idazle txinatarraren liburua itzultzeko gogoa eta gaitasuna dituen edozeinek har dezake parte.

Jatorrizkoan, ingelesez zein frantsesez

Itzuli beharreko lagina antolatzaileek jarriko dute partehartzaileen esku, bai jatorrizko bertsioan, baita ingelesez eta frantsesez ere. Itzultzaileei eskatzen zaie zein hizkuntzatatik ariko diren adierazteko, eta jatorrizkoa menderatzen ez dutenei bi zubi-hizkuntza horiek erabiltzeko gomendatzen diete. Testuak Internet bidez lor litezke, ondoko helbide honetan: www.elkarargitaletxea.com/jokinzaitegi. 

Aholkulariaren laguntza

Antolatzaileek 2013ko urtarrilaren amaiera baino lehen jakinaraziko dute zeinek eskuratuko duen beka. Hori bai, aurkeztutako lanek nahikoa kalitaterik ez balute, saria hutsik utzi ahalko dute. Kasu horretan, antolatzaileek aukera izango lukete itzulpen hori enkarguz norbaiti eskatzeko, bekako diru-kopuruaren truke.

Era berean, bekaren irabazleak txinera menderatuko ez balu, antolatzaileek txinera eta euskara menderatzen dituen aholkulari bat ipiniko dio, laguntzeko. 

4.500 euro

Aurtengo bekaren zenbatekoa 4.500 eurokoa da. Kopuru horren erdia jakinarazpenarekin batera eskuratuko du irabazleak, eta beste erdia lana amaitu eta entregatu ostean. Epeak beteko ez balitu, edo itzulpenaren kalitatea nabarmen txarra balitz (epaimahaiaren iritziz betiere), sariaren bigarren zatia jaso ez, eta lehena itzuli egin beharko luke irabazleak.

Epaimahaia

Bekarako aurkeztutako lanen kalitatea neurtu eta irabazlea izendatzeko, berriz, Rafa Egigurenek, Miren Ibarluzeak eta Jesus Mari Olaizola “Txiliku”k osatuko dute epaimahaia. 

Behin itzulpena entregatuta, Elkar etxeak –eskubideak aurrez eskuratuta– argitaratuko du Mo Yan-en ipuin-liburua euskaraz, eta 2013ko Durangoko Azoka izango da hori egiteko epemuga. Ale guztietan nabarmen aipatuko da Jokin Zaitegi saria, baita itzultzailearen izena ere, zeinak ez baitu galduko bere lanaren gaineko jabetza. Antolatzaileez gain, Kutxa Fundazioa babesleak ere dagokion tokia izango du edizioan.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak