Iturripe konpontzeko prozedura, hutsik

Ubane Madera 2012ko azaroaren 19a

Iturripe kiroldegiaren estalkiaren egitura konpontzeko obrei dagokien prozedura hutsik deklaratzea. Proposamen hori izango du, besteak beste, mahai gainean Udal gobernuak asteroko batzarrean, gaur arratsaldean. Horrekin batera, Arrasateko kultur ibilbide gidatuak egiteko foileto eta liburuxkak finantzatzeko eskaera eta Otalora kaleko zuhaitz batzuen egoera ere izango dituzte aztergai, besteak beste. 

Obra eta hirigintza atalean ere bada aipagairik; esaterako, ADIF (Administrador de Infraestructuras Ferroviarias) enpresari errekeritzea Bostateko iturriko ur sareko kalteak konpon ditzan; Zalduspe-Osinaga oinezko pasabidea konpontzeko proiektua idazteko adjudikatzea; Anboto kalerako sarbidea egiteko obren esleipena; Otalora kaleko albiziekin (zuhaitz mota bat) neurriak hartzeko proposamena (Taupa parekoarekin, esaterako) eta Deba errekaren ur bazter ondoan, Kontzezino aurreko espaloiaren egoeraren berri ematea.

Horrez gainera, pare bat salaketa ere landuko dituzte gobernuko kideek, tabernen zaratekin lotutakoak: Olarteko Etxoste tabernak eta Ferreriasko Ostantz tabernak eragindako zaratekin lotutakoak, alegia.

Eta euskara atalean aztertuko dute Badihardugu elkarteak Arrasateko Ahotsak proiektua osatzeko egindako dirulaguntza eskaera.  

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak