Adin guztietako jendea, hainbat eta hainbat lagun, ikusi dugu goizean zehar Berriaren aldeko tonbolaren bueltan, eta tartean baita paga bertan utzi duen neskatilaren bat edo beste ere. Ibai-Arteko merkatariek emandako opariak jaso dituzte saritan, produktuak kasu batzuetan eta erosketa-bonoak besteetan. Guztiek ere nahiago zuten sariren bat etxeratzea, noski, baina euskararen eta bereziki, Berriaren, aldeko ekarpentxoa eginda betetzat eman dute helburua.
Arrasateko Euskalgintza
Arrasateko Euskalgintzaren aterkipean batzen diren ikastetxe, elkarte, euskaltegi eta eragileetako ordezkariekin osatutako Berria Laguna batzordetik bideratu dute ekimena. Bertako kide Ane Zuazubiskarrek –Euskal Herrian Euskaraz– esan digunez, sentsibilitatea badago, baina ez nahikoa oraindik: "Kontzientziatuta daudenengan badago sentsibilitatea, baina askorengan kontzientzia hori pizteke dago oraindik. Eta Martxelo Otamendik astean esan duen moduan, Euskal Herri mailan euskara hutsezko egunkari indartsu bat izaten ez badugu, euskara ez da salbatuko".
Arrasateko Euskalgintzatik aurreratu dutenez, urtarrilerako "Amaia antzokia beteko duen ekitaldi bat" ari dira prestatzen, Debagoieneko erakunde eta kulturgile ugarirekin batera. Egunkariko ordezkariak bertan egotea eta deialdi nazionala egitea da asmoa.
Baserritarren azoka
Urteko azken baserritarren azoka izan da gaurkoa, eta udazkeneko produktuak izan dira nagusi bertan. Abenduko hitzordua Santamasetan izango da.