Kulturateko areto nagusia jendez bete zen atzoko Euskal identitatearen gaineko mahai ingurua jarraitzeko. Julen Iriondok moderatzaile lanak egin zituen eta Julen Arexolaleiba irakasle arrasatearrak, Martxelo Otamendi Berria-ko zuzendariak eta Andoni Olariaga filosofoak hartu zuten parte.
Olariagak hartu zuen hitza aurrena, eta 2012an Arrasate moduko herri batetan euskalduntasuna nola definitu galdetu izana deigarria suertatu zaiola adierazi zuen. Otamendik aldiz, identitate kontuek burukomin handirik ez diotela ematen adierazi zuen, hain zuzen ere, "nortasun kontuak euskaldunon artean aldakorrak direla kontutaratu" baita denborarekin. Arexolaleibak ere Berria-ko zuzendariaren iritzi bera agertu zuen: "Geroz eta jende gehiagorekin ibili, geroz eta toki gehiagotan eta hizkuntza desberdinak erabili, identitatea aldatu egiten da".
Zer da euskalduna izatea?
Atzoko berbaldian, askotan euskalduna euskaraz bizi dena dela esan ohi dela adierazi zuten, "baina errealitate hori ez dago. Figura ideala da, baina ez da beti ematen". Hala, identitate antropologikoa eta subjektu politikoak banatu beharko liratekeela adierazi zuten.
Motibazioa bilatu behar
Hizkuntzaren harira, motibazio ezberdinak bilatu behar direla bat etorri ziren guztiak. Otamendik, definiziotan erori barik, jardunak garrantzia handiagoa duela adierazi zuen. "Katalunian esaterako, beste modu batetara dauzkate barneratuta hizkuntza kontuak. Gurean, euskaraz ari dena normalean euskaldun sentitzen delako ari da". Olariagak ere, euskara 1.go mailako motibazioa izan beharko litzatekeela adierazi zuen.
"Txikiak egin behar du erakargarri bere erabilera. Ingelesak ez dauka arazorik, jende askok hautatzen du hizkuntza erabiltzea. Ligatzeko unean bezala, itsusiak erakarri behar izaten du ederra".