Bederatzi hilabete pasa dira Tere Gonzalezek, Izaskun Murgia Elkarte Lirikoko zuzendariak, obra aukeratu zuenetik. Orduan hasi zituzten entseguak, eta orain, hilabete guzti hauetan egindako lanaren emaitza erakutsiko dute. Urduri baina gogotsu daude egin duten lana jendaurrean erakusteko.
IXX. mendean girotua
Gigantes y cabezudos zarzuela IXX. mende bukaeran girotuta dago. Bi zati dituela azaldu digu Naroa Elortza elkarteko komunikazio arduradunak. Lehenengoan emakumeak azaltzen dira egunerokoari aurre egin nahian; eta, bigarrenean gizonak gerratik itzultzen dira.
110 lagun buru belarri lanean
Musikariak, abeslariak, jostunak eta dekoratzaileak kontuan hartuta 110 bat lagun dabiltza lanean zarzuelaren inguruan. Arrasateko herria esker onekoa dela dio Elortzak; lau emanaldi eskaintzen dituzte urtero eta emanaldi guztietan antzokia bete egiten da. Elkarte lirikoko kideendako hori oso pozgarria izaten da.
Sarrerak salgai daude
Gaur estreinatuko dute zarzuela eta bihar bigarren emanaldia egingo dute –datorren aste bukaeran beste bi emanaldi eskainiko dituzte. Amaia antzokian izango dira emanaldiak, 19:30ean. Oraindik badaude sarrerak, hortaz, interesa duenak Izaskun Murgia elkarte lirikoaren lanaz disfrutatzeko aukera izango du.