Izan ere, arkeologoek uste dute azken lerroa baino lehenago, muinoaren behealdean, murru gotortu bat eraiki zela, etsaia geldiarazteko lehen elementu moduan: "Gazteluondo kaletik Santa Barbarara igotzen den bidearen ondoan kokatzen den eremuaz ari gara. Dorre hau ezaguna da begien bistan geratzen delako eta, momentu honetan erabat estalita dagoen arren, zailtasun handirik gabe identifikatzen da haren morfologia", adierazi du Mertxe Urteaga indusketon arduradunak.
Eguraldiak laguntzen badu, gaur hasi
Urteagak jakinarazi duenez, eguraldiak laguntzen badu gaur bertan egingo dira indusketak. Metro erdi bider metro bateko eremua induskatuko dute; eskola ondoan dagoenez, eremu handiagoak babes neurriak handitzea eskatuko luke-eta. Goizean ireki, gunea induskatu eta arratsaldean erretena berriro ixtea planteatzen dute.