Udazkeneko produktuak nagusituko dira zapatuan Seber Altube plazan egingo den baserritarren azokan. Urteko azken azoka izango da, abenduan Santamasetan izango baita hitzordua. Hamazortzi postu egongo dira bertan: lau Arrasateko baserrietakoak, sei Debagoienekoak, artisau arrasatear bat, Harremanen postua...
Jesus Romero sukaldariak pintxoak prestatuko ditu, beste behin ere, eta herritarrek denboraldiko produktuekin egindako jakiak dastatu ahal izango dituzte. "Doan izango dira azokako bezeroentzat, zerbait erostearekin pintxo baterako txartela eskuratuko baitute". Hala adierazi du Marga Garmendia udal teknikariak.
Tonbola, sekulako opariekin
Berria-ri laguntzeko tonbola egongo da, gainera, zapatuko azokan. AEDko Itxaro Artolak Arrasate Irratiari adierazitakoaren arabera, zarata apur bat eginez diru bilketa txiki bat egin gura dute. Bertan, Ibai-Arteko zenbait dendak, Astorek, Arrasateko euskalgintzako taldeek eta Berria-k berak emandako produktuak irabazi ahal izango dituzte parte-hartzaileek, euro baten truke.