Hasieran burutapen hutsa izan zena errealitate bihurtu da orain. Bizibili izeneko enpresa abian ipini berri du. "Jendea oso lanpetuta ibiltzen da, eta, askotan, eta batez ere astegunetan, ez du txakurra ateratzeko denborarik izaten. Herritik kanpo lan egiten dutenak, esaterako, oso larri ibiltzen dira. Zentzu horretan hutsune bat ikusi nuen, eta horrela jaio da Bizibili".
Paseo luzeak eta motzak
Bizibili enpresak zerbitzu ezberdinak eskaintzen ditu, baina arrasatearrak kontatu digu norberaren beharren araberako paseoak ematen dituela: "Kasu batzuetan 25-30 minutuko paseoa izaten da txakurra bizi den inguruan, baina ordubetekoak ere izan daitezke. Komenigarria da noizean behin txakurrari paseo luzeak ematea".
Horrez gain, txakurrak ile-apaindegira edo albaitariarengana eramateko zerbitzua ere eskaintzen du.
'Kanguru' zerbitzua
Dena dela, beharbada kanguru zerbitzua da Bizibili enpresaren zerbitzu berritzaileena. Kasu horretan, gainera, edozein maskotarentzat da erabilgarria: "Animaliaren jabeak egun batzuetarako kanpora joaten badira, maskota zaintzeaz arduratzen naiz, baina haren etxean bertan. Hau da, eurekin adostu moduan etxera joaten naiz eta maskota paseatzera atera, jaten eman edo egin beharrekoak egiten dizkiot. Oso erosoa da jabeendako".
Internet bidez ari da sortu berri duen enpresa ezagutzera ematen. www.bizibili.com webgunean sortu du eta harrituta dago izaten ari den bisita kopuruarekin: "Pozik nago. Hasi besterik ez naiz egin eta dagoeneko jaso ditut dei batzuk. Webgunean ere bisita asko izaten ari naiz".
AEBetan eta filmetan ikusita geneukan. Bada, Arrasatera ere iritsi da txakurren paseatzailea.