Denetariko jendea deitu dute kooperatibismoaz jardutera

Leire Kortabarria 2012ko azaroaren 19a

Hain ohikoa ez da kooperatibismoaren inguruko jardunaldiak gazteek antolatzea, baina datorren astean halako bat izango da Garaia Berrikuntza Guneko Living Lab-ean: Aktion ekitaldia. Egubakoitzean, hilak 23 izango da. LEINN graduko Snatu Kooperatiba Elkarteak antolatu du, Arizmendiarrietaren Lagunen Elkartearekin batera. Josu Enekotegi, Xabi Igoa, Danel Mazmela eta Elene Arriolak osatzen dute.

Aktion ekitaldian, hainbat gai jorratuko dira, hala nola, kooperatibismoa, gazteak eta langabezia, dialogo intergenerazionala, gaur egungo baloreak eta beste batzuk. Gonbidatu ezagunak dituzte: Angel Alkain aktoreak "umore kooperatiboa" landuko du, antolatzaileen esanetan; eta Edurne Pasabanek hitzalditxoa egingo du.

Goizeko 09:15ean hasiko da ekitaldia eta 14:30 aldera bukatuko da, luntxarekin.

Mahaika banatuko dira

Aktioneko kideen esanetan, "ideia nagusia adin eta esparru desberdinetako pertsonak elkartzea da, hare eta ideia-sormen handiena batzeko".

Horretarako, honako egitaraua antolatu dute: 09:15ean hasiko dira, materiala banatuz; 09:30ean, aurkezpena; 09:45etik 11:00etara, sortzailetasuna eta naturarekiko maitasuna lantzen duen GaraiOn aisialdi taldearekin saio bat izango dute; 11:00etatik 12:30era, World Coffee formula jarraituz, hainbat mahai antolatuko dituzte, istorio banarekin, eta mahai bakoitzeko istorioei erantzukizuna emateko lan egingo dute. 12:30ean izango da umorearen txanda, Angel Alkainekin. Gero, 13:15ean, lanak aurkeztuko dituzte. Bukatzeko, Edurne Pasabanek hitzaldia egingo du, eta bukatutakoan, 14:30 aldera, luntxa egingo dute.

Aldaketak, "guztion" artean

Jardunaldi hori Guztion parte-hartzetik jaiotzen dira aldaketak, bada garaia leloarekin antolatu dute, hortik adin eta profil askotariko jendea joan dadin nahi izatea antolatzaileek.

Besteak beste, honako gaien inguruan gogoeta egiteko aukera eman gura diete parte-hartzaileei: Zer da kooperazioa? Kooperatibistak gara?; Nolako mundua ari gara eraikitzen?; Zer egin dezakegu gure artean? Eskolan, familian, enpresan, gizartean…; Hitz egiten dugu gure artean gizarte honetan?…

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak