Nola aurreikusi duzue batzorde berria eratzeko prozesua?
Guk lau urte osatu ditugu eta teorikoki beste batzorde bat jarri beharko litzateke martxan. Deialdi bat egin dugu gutun bidez borondatea eta konpromisoa duenak elkartera etorri eta dinamika horretan sar dadin. Hori bai, ez dugu batzordea errotik aldatuko, egun boluntariotza ez dago-eta unerik gozoenean.
Gura duguna da zuzendaritza taldea poliki-poliki berritzen joatea. Argi dago egungo taldea ezin dela betirako egon eta jende berria sartu behar dela. Bada, prozesu hori ahalik eta erosoena izan dadin, planteatu duguna da trantsiziorako epe bat, aurrekoak eta berriak nahastuz.
2.000 bazkide inguru ditu elkarteak eta duela lau urte krisi latza izan zenuten taldea berritzeko...
Bai. Ordurako aurreko zuzendaritzak bi legealdi egin zituen eta ultimatuma aurkeztu zuten esanez ez bazen inor aurkezten elkarteak funtzionatzeari utziko ziola. Orduan, alarma egoera horri aurre egiteko hiru edo lau lagun elkartu ginen eta lan apur batekin beste hiru edo lau erakarri genituen. Legealdi honetan zortzi lagun hasi ginen baina horietatik hiru bidean geratu ziren eta beste batek uztea gura du.
Haize berrien premia gorria, beraz.
Batez ere elkartearen etorkizuna bermatzeko. Edozein elkartek ezinbestekoa du berritzea, ideia berriak, konplizitate berriak... Eta noski, horretarako konpromiso minimo bat behar da. Gu dagoeneko aurrera goaz adinean, familia bat daukagu eta ez dugu konprometitzeko denbora larregi.
Hori bai, etorriko direnei edozertan laguntzeko gertu egongo gara; ezin dugu 2.000 laguneko elkarte bat bertan behera utzi, inondik inora. Oraindik zuzendaritza batzordean gaudenok laguntzeko asmoz egongo gara bermatzeko elkarteak beste lau, zortzi, 12, 16 edo 20 urteko biziraupena izango duela.