EH Bildu: "Debagoiendarrek bat egiten dute gure proiektuarekin"

Goiatz Arana Begiristain 2012ko azaroaren 13a

Koalizioko ordezkari debagoiendarren esanetan, hala erakusten du urriaren 21eko hauteskundeetan bailarako herri denetan EH Bilduk irabazi izanak. Dena den, gauzak "oraindik ere hobeto" egin behar dituztela adierazi dute, Debagoienean nahiz Gipuzkoan aurreko hauteskundeetan baino boto gutxiago lortu dituztela onartuta. Aurrera begira dituzten erronkak aldaketa politikoa eta soziala direla azaldu dute eta, muturreko egoerei erreferentzia eginez, bere burua leihotik bota zuen Amaia Egaña izan dute gogoan.

 

Egubakoitzean egin zuen bere buruaz beste Amaia Egañak Barakaldon eta euren elkartasuna helarazi diete haren senide eta lagunei. Heriotza hori ez da kasualitatez gertatu, euren esanetan, "kapitalismo basatiaren" ondorioz baizik, eta gaineratu dute guztiok dugula zer hausnartu, boterean egon diren eta dauden alderdiek, batez ere. EH Bilduko ordezkariek esan dute badakitela emergentziazko egoera soziala bizi dugula eta milaka herritar daudela ekonomiko hondoratuta, baita Debagoienean ere: "Milaka Amaia Egaña dago Euskal Herrian, egoera ekonomikoak gainezka eginda, desesperatuta, etorkizunik gabe. Guztion ardura da milaka pertsona horiek babestea".

Epe motzera, bizi dugun emergentzia sozialeko egoerari aurre egiteko lan egingo dutela hitzeman dute, hainbat konpromiso hartuz: "Etxe desjabetzeak gelditzen ahalegintzeko, presio politiko eta soziala areagotuko dugu eta instituzioetan mozioak sartu; gobernuan gauden instituzioetan ez dugu murrizketa sozialik egingo; kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzea eta babesa behar duten herritar guztiak babestea izango da datozen egun eta asteetan aurkeztuko ditugun aurrekontuen lehentasuna; eraikuntza-proiektu erraldoi, antisozial eta kutsakorrei ezetz esango diegu; aberastasuna banatzeko politiketan sakonduko dugu; eskualdeko garapen ekonomikoa sustatzeko lan egingo dugu; eta Kutxabank publiko eta sozialaren alde egingo dugu".

Aldaketa politikoa

Aldaketa politikoa izango da EH Bilduren beste erronka nagusia eta, alor horretan, bi punturi egin diete erreferentzia koalizioko kideek: konponbideari eta erabakitzeko eskubideari.

Lehendabizikoari dagokionez esan dute, EAEko hauteskundeak pasata, "aukera paregabea" dugula konponbidean "urrats kualitatiboak" emateko, "alderdi politiko zein eragileekin akordioetara heltzeko saiakeran ahalegin betean" ari direla, eta espero dutela hurrengo asteetan lehen fruituak ematen hastea.

Erabakitzeko eskubidearekin lotuta, independentistak direla berretsi dute: "Herri honek subiranotasun osoa behar du aldaketa ekonomikoa egin eta herri bezala dagozkigun eskubide politiko, sozial, linguistiko eta nazionalak eskuratzeko eta, norabide horretan, erabakitzeko eskubidea hitzetatik ekintzetara eramateko akordioetara heltzen saiatuko gara". Horren harira, herri antolakuntza eta mobilizaziorako deia egin dute, "aldaketak herriak lortzen" dituelako.

Herritarren nahiak "begi bistan"

Urriaren 21ean ospatutako Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen balorazioa ere egin dute, esanez emaitzek euskal herritarren hainbat nahi "begi bistan" uzten dituztela: "Batetik, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, erabakitzeko eskubidearen aldekook gehiengo oso zabala osatzen dugula; bestetik, jendarteak gatazka konpontzea nahi duela".

Bizi dugun egoera ekonomikoan herritarrek "segurura bozkatu" dutela esan dute eta EAJren garaipena hortik etorri dela gaineratu: "EAJk oso ondo jakin du saltzen gestioko alderdiaren irudia, nahiz eta Gipuzkoan bertan ikusi dugun bere gestioaren hutsuneak oso nabarmenak direla".

EH Bilduri dagokionez, EAEn lortu dituzten emaitzak "historikoak", "oso onak" direla azaldu dute: "Ezkerreko abertzaleok inoiz lortu ditugun emaitzarik onenak dira eta indarrez sartu gara Gasteizko Parlamentura". Debagoienera etorrita, koalizioak herri guztietan irabazi duela azpimarratu dute eta horrek "garbi" erakusten duela herritarrek "bat egiten" dutela euren proiektuarekin: "Eskerrak eman nahi dizkiegu beraien botoarekin babestu gaituzten herritar denei". 

"Ez dugu sabaia jo"

Hauteskundeak bere maila berekoekin konparatu behar direla azaldu dute baina oraingoan ezinezkoa dela hori, salbuespen egoera batetik gatozela kontuan izanik. Dena den, azken hauteskundeekin konparatuz gero, bai Gipuzkoan eta bai Debagoienean botoak galdu dituztela onartu dute, eta mezua jaso dutela gaineratu: "Gauzak oraindik ere hobeto egin behar ditugu. Gure konpromisoa da herritarrekin eta herritarrentzat lan egitea. Pentsatzen dugu gure proiektuak babes sozial handia duela, baina era berean pentsatzen dugu ez dugula sabaia jo. Aldaketa politikoa eta soziala biderkatzeko konpromisoa hartzen dugu, politika aldatzeko konpromisoa bereziki. Demokrazia herritarren boterea da eta guk, hala ulertzen dugulako, praktikara eramango dugu".

EH Bildu koalizioa osatzen duten lau alderdietako ordezkariek esku hartu dute gaur, martitzena, Kulturaten egindako agerraldian: ezker abertzaleko Enrike Letonak, EAko Maider Otamendik, Aralarreko Joxe Etxeberriak eta Alternatibako Joseba Ugaldek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak