Razorlight taldea Taupa tabernan

Jagoba Domingo 2012ko azaroaren 13a

Londresetik datorren ‘Razorlight’ taldearen kontzertua izango da Arrasateko Taupa tabernan datorren astelehenean, azaroak 19an arratsaldeko 19:00etan. Sarrera kopurua mugatua izango da eta eguenean jarriko dira salgai.

Londres hirian jaio eta handi egindako talde famatu bat dator gurera. Razorlight taldea Arrasateko Taupa tabernan lagunarteko kontzertu bat eskainiko du datorren astelehenean, hilaren 19an. Arratsaldeko 19:00etan izango da kontzertua eta sarrera gutxi batzuk egongo dira salgai eguenetik aurrera Taupan bertan.

Disko berria prestatzen

Johnny Borrell eta taldekideek, datorren urtean disko berria kaleratzeko asmoa dute eta mundu mailan kontzertuak eskaintzen hasi aurretik, kontzertu txikiak eskaini nahi dituzte. Taupakoa aukera paregabea izango da In the morning, Somewhere else, Wire to wire eta America bezalako single ezagunak egin dituen taldea zuzenean ikusteko.

Up All Night (2004) izan zen taldearen lehen diskoa eta mundu mailan arrakasta handia lortu zuen milioi bat disko salduta. Britainia Handiko musika zerrendetan lehenengo postuak lortu eta kritikaren eta zaleen oniritzia lortu zuen, horrela musika zirkuitu undergroundean ezinbesteko talde bihurtuz.

Ondorengo Razorlight (2006) diskoa, Roxy Music, Beatles, Sex Pistols edota Pink Floyd bezalako talde handien ekoizle izan zen Chris Thomasekin grabatu zuten. Eta oraingoan, Slipway fires (2008) diskoaren jarraipena izango dena prestatzen ari dira eta euren musika zuzenean entzuteko aukera paregabea izango da datorren astelehenean Taupa tabernan.

Astelehenean Arrasaten

Razorlight Britpop musikaren oinordekoak dira, eta Oasis, Queen edo Rolling Stones taldeentzat kontzertuak zabaldu dituzte, beraz audientzia handien aurrean jotzera ohitutako talde bat taberna txiki batean ikusteko aukera paregabea izango da asteleheneko hitzordua.

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak