Azoka biziberritzeko plana bigarren fasean sartuko da

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko azaroaren 13a

GUreztatu, azoka birpentsatzeko ekimena da eta bigarren fasean sartuko da gaur. Iaz hasitakoari jarraipena eman gura diote ekimenekoek, eta herritarrak animatu gura dituzte udaletxeko osoko bilkuren aretoan 18:30ean egingo duten saio irekira gerturatzera.

Ideietatik proiektuari forma ematera igaroko dira GUreztatuko kideak bigarren fasean, orain arte moduan, prozesu parte-hartzaileari eutsita. Hainbat helburu izango dituzte oraingoan: azokaren kudeaketa eredua erabaki beharko dute; finantzazioa; proiektu arkitektonikoa nola bideratu ikusi beharko da; eta identifikatutako proposamenak planifikatuko dituzte.

Kontsumo arduratsua

Bere egunean, Bagara ekimenak hasierako fasean bederatzi gizarte arlo detektatu zituen: etxebizitza, kulturgintza, gazteen konpromisoa... Horietariko bakoitzean ikerketa ekintza sustapen taldeak antolatu ziren, urtebeteko epean diagnosi bana egin zuten eta proiektu zehatzak identifikatu zituzten.

Hala gogoratzen du proiektuan murgilduta egon den Lankiko Igor Ortegak: "Nekazaritza eta Kontsumo Arduratsuko taldeetatik ikusi zen arlo bakoitza moduren batean indartu behar zela, eta zenbait ideia garatzen hasi ziren. Kasualitatez, Udalarekin harremanetan ipini eta hark azokaren gainean zeukan kezka azaldu zigun. Hala, bi premia horiek bat egin zuten". Azokan bertan kontsumo arduratsuaren gune nagusi bat sortzeko ideia jaio zen modu horretan.

Orduan, herritarrek zituzten beharrak aztertzen hasi zirela gogoratzen du Bagarako Nagore Iraolak: "Egindako aurre-diagnosiari begiratuta, kontsumo arduratsua bultzatu gura bagenuela, bideak herritarren eskura ipini behar zirela ikusi genuen". Baliabideak egon badaudela bazekiten, baina bakoitza toki batean, elkarrengandik urruti: "Bidezko merkataritzako denda Eroskin, Emauseko bigarren eskuko denda Nafarroa etorbidean, Jakioneko produktuak denda jakin batzuetan... Guztia toki berean egoteak bideragarri egiten du gure xedea lortzea". Hipotesi izatetik forma hartzen ari zen proiektu izatera igaro zen, modu horretan, azoka biziberritzeko plana.

Prozesu parte-hartzaile berria

Baina galdera sortu zitzaien lan egiteko moduari dagokionez. "Nola heldu ongizateari jakinda aro berri batera goazela eta ezagututa Udalaren baliabideak ez direla nahikoa izango?" Herritarren inplikazioa funtsezkoa zela jakin bazekiten, eta ez zuten zalantzarik eduki: herri ekimen bidez jardun beharko zuten.

Planak azoka funtzionalagoa egin gura du, askotariko erabilera eman. Hala, eragile ezberdinekin jarri ziren harremanetan, baita herritar ugarirekin ere. "Eta egun azokaren erabiltzaile handienak diren baserritarrak eta postua dutenak ahaztu barik". Ideia zein proposamenak jaso zituzten. 2012ko martxoa ezkero lau lantalde aritu dira prozesuan lanean: elikadura eta lehen sektorea; kontsumo arduratsua eta produktu eraldatuak; herrigintzarako plaza; eta aisialdia eta jolasa.

"Ekimenean egon behar zuten guztiak egon dira: herri eragileak, udal teknikariak, norbanakoak... guztira, 400 bat pertsona. Emaitza oso politak izan dira eta, gainera, herrigintzari begirako eredu berri bat dagoela iruditzen zaigu. Hau da, proiektu komun bat aurrera ateratzeko orduan, Udalaren eta herritarren baliabideak harreman ez hierarkiko batean jartzen dituen eredu bati eman diogu bidea, eta hori ere garrantzitsua da."

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak