Elikagaien bankurako oinarrizko elikagaiak batzen ibiliko dira gaur ere Eroski hipermerkatuan

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko azaroaren 10a

Jose Antonio Agirrebeña Bergarako Elikagaien Bankuko kideak esan digu urte guztian zehar izaten dutela oinarrizko elikagaien eskaera elikagaien bankuan. Hala ere, laster Gabonak datozela-eta, garai honetan eskaerak ugaritu egiten direla kontatu digu, eta horiei aurre egiteko, urtero egiten duten bezala, aurten ere oinarrizko elikagaiak jasotzen dabiltza Arrasateko Eroski hipermerkatuan. Atzo, egubakoitza, hasi ziren bilketarekin eta gaur, zapatua, egun guztian zehar jarraituko dute. 

Gipuzkoako Elikagaien Bankurako batzen dabiltza oinarrizko elikagaiak egunotan Eroskin. Oiartzunen dago kokatuta Gipuzkoako Elikagaien Bankuko egoitza nagusia duela 15 urtetatik eta Bergaran joan zen urtean hasi ziren horrekin.

Krisi garai honetan, gainera, eskaera asko ugaritu dela kontatu digu Agirrebeñak: "Ideia bat egiteko, joan zen urteko apirilean Debagoieneko eta baita Beasain, Mutriku, Deba, Eibar, Elgoibar inguruko zortzi entitateri (udaletxeak, Caritas, etorkinen elkarteak...) banatu genien jana, guztira 282 pertsonari. Gaur egun, baina, 32 entitateri banatzen diegu jatekoa eta guztira 2.200 pertsonatik gorak jasotzen dituzte guk batutako elikagaiak".

Beraz, garrantzitsua da herritarrek horrelako janari bilketetan euren laguntasuna ematea. Eroskin batzen dabiltza arroza, dilistak, olioa, esnea, pasta eta kontserbak, besteak beste. Eta Agirrebeñak esan digu momentuz erantzun ona duela ekimenak eta jendeak laguntzen duela ahal duen heinean.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak