Arizmendiko antzerki taldea joan zen urtean hasi zen entseatzen Dabid Errasti zuzendariaren gidaritzapean egindako Asaba zaharren oihartzuna izeneko antzezlanerako. Atzo, antzezlana taularatu aurretik egindako luntxean indarrak hartzeaz gain, urduritasunak ere albo batera utzi zituzten parte-hartzaileek eta gogoz eta ilusioz egin zieten aurre 400 pertsonaren aurrean antzeztutako obrari.
Zioten euskaldunok gehienetan ez garela jabetzen gure herriak historian zehar izan dituen gorabeherekin. Eta orain 500 urte Nafarroan bizi izandako gertaera tamalgarriek gure historiarekiko interesa piztu zuelako sortu zela antzezlana. Bertan gure historiako pasarteak ikusi ahal izan ziren atalka banatuta. Narratzaile lanetan ibili zen Xabier Latorrek modu serioan kokatzen zituen ikus-entzuleak garai hartan. Besteak beste, Erregeak eta Elizak izan zuten protagonismoa eta tarte bakoitza bereizteko abesbatzakoen kantuak, dantzarien dantzak edota gaiteroen musika erabiltzen zuten.
Esaterako, Goikobalu-Arizmendi Abesbatzakoek Mikel Laboaren Baga Biga Higa abestu zuten eta Txikitxu-Arrostaitz dantza taldekoek ezpata dantzarekin gerra irudikatu zuten.
Antzezlanaz gozatzera joan ziren 400 haur eta helduak, euren gertukoek egindako lana txalotu zuten eta pozik irten ziren ikusi zutenarekin.