Brodas Bros taldeak Concierto Concepto ikuskizuna taularatuko du bihar Amaia antzokian 19:30ean. Bartzelonan 35.000 ikusle eduki ditu dagoeneko ikuskizun horrek. Kultura Sailak antolatutako saioak dantza indartzeko xedea du; hain zuzen, udala aspalditik ari da dantza bultzatu guran.
Duela sei urte sortu zen taldea Bartzelonan. Bi anai kalean dantzan hasi eta zerbait serioagoa egitera animatu ziren, Brodas Bros konpainia sortuz. Haiei beste lau lagun gehitu zitzaizkien: bi ahizpa eta bi b-boy.
Karmelo Alberdi Arrasateko Kultura teknikariak ikuskizunaz egin digu berba: "Concierto Concepto-k musika kontzertu bat izan gura du, baina dantzariekin. Hip-hop, funk eta elektronika musika, dena dantza biziekin batera". Zuzeneko musika ere ez da falta izango eta dantzariekin batera perkusio jolea, DJa eta beatboxean aditua den flautista-saxofonista egongo dira. Estetikak eta teknikak pisu handia duen emanaldia, biharkoa.