Euskal identitateari buruzko mahai-ingurua bihar Arrasaten

Zuriñe Velez de Mendizabal 2012ko azaroaren 14a

Bai Euskal Herriari taldeak eta Arrasateko Udalak elkarlanean antolatu dute mahai ingurua, Bai Euskal Herriariko lagunek Arrasaten bertan egindako inkesta batetik abiatuta. Bihar, eguena, izango da, 19:00etan, Kulturateko areto nagusian. Martxelo Otamendi, Julen Arexolaleiba eta Andoni Olariagak hartuko dute hitza.

Bai Euskal Herriari taldeko Eider Roa eta Maite Otxandianok eta Arrasateko alkate Inazio Azkarragaurizarrek joan zen astean aurkeztu zuten euskal identitateari buruzko mahai ingurua, Kulturaten. Bihar, azaroak 15, egingo duten berbaldiaren aurrekariak azaldu dituzte bertan.

Bai Euskal Herriari naziotasunaren eraikuntzan lan egiten duen herri eragilea da, eta egiteko horretan funtsezkoa ikusten du euskal identitatearen gainean lanketa egitea. "Ezinbestekoa ikusten dugu bakoitza nondik datorren eta nor den argi edukitzea nora goazen jakiteko". Zenbait ekimen eramango dituzte aurrera, eta horietariko bat dagoeneko amaituta dute. Arrasateko Musakola, San Andres eta erdialdean kale inkesta bat egin dute. "Arrazoia sinplea izan da, zalantza asko genituen honen gainean. Jendeak nola ikusten du bere burua?". Hala adierazi zuten Bai Euskal Herriari taldeko Eider Roa eta Maite Otxandianok Kulturaten egin zuten prentsaurrekoan.

Inkesta bat planteatu zuten orduan. Ikur ezberdinak hartuta, herritarrei galdetu zieten zerekin identifikatzen ziren. "Esaterako, Arrasateko herensugea, Musakolako astoa, Arrasateko armarria, koloreak, ikurrina, Nafarroako bandera... erakutsi genizkien. Eta erantzunak ere askotarikoak izan dira". Esaterako, gazteen artean oso anitzak izan dira erantzunak, "batzuek ikurriña dute identitate ikurtzat, besteek Nafarroakoa eta lauburua ere agertu da".

Galdeketaren ostean bururatu zitzaien mahai inguru bat antolatzea eta hainbat aditu gonbidatu gura izan dituzte: "Martxelo Otamendi, Julen Arexolaleiba eta Andoni Olariagak, alde batetik, hizkuntza identitateak nazio identitatean duen eraginaz egingo dute berba, baina baita alderantzizko joeraz ere".

Inazio Azkarragaurizarrek eskertu egin zien Roa eta Otxandianori horrelako ekimena aurrera ateratzeko izandako iniziatiba: "Oso garrantzitsua da Arrasateko taldeek horrelako ekimenak aurrera eramatea". Amaitzeko herritar guztiak gonbidatu zituen bihar 19:00etatik aurrera Kulturateko areto nagusian egingo den berbaldira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak