Iker Arrizabalaga: "Garrantzitsua da gaixoari nahi duen bizitza proiektua aurrera eramaten laguntzea"

Amaia Txintxurreta Guridi 2012ko azaroaren 6a

Gaixotasun mentala duten familiartekoei zuzendutako ikastaroa egiten dabiltza Arrasaten. Agifes elkarteak du ikastaroaren ardura. Gaixotasun mentalak zer diren eta nola eragiten duten azalduko digu Iker Arrizabalaga Agifes elkarteko esku-hartze familiarraren koordinatzaileak. Besteak beste, familiak duen garrantzia nabarmendu du.

Zer dira gaixotasun mentalak?

Arazo psikiatrikoak dituzten pertsonez hitz egiten dugu gaixotasun mentalaz ari garenean: adibidez, eskizofrenia, nahasmen bipolarra, nortasun nahasmenak eta horrelako arazo psikiatriko larriak dira. Gaixotasun mentalek eragiten dute pertsonek buru mailako arazoak izatea, askotan euren gaitasunetan atzerapen bat izaten dute eta emozionalki alterazio handiak izaten dituzte. Bi sintoma multzo bereizten ditugu: positiboak eta negatiboak. Sintoma positiboak izango lirateke buruari gehitzen zaizkion gauza batzuk; adibidez, haluzinazioak. Irreala den zerbait ikusi edo entzuten dute gaixoak. Hala, pertzepzio mailan arazoak izaten dituzte eta horrek pertsonari sufrimendua dakarkio; baita delirioak ere; hau da, ideia arraroak izatea: "Jendea nire atzetik dator" edo "Kamerak jarri dizkidate etxean". Bestalde, sintoma negatiboak direla esaten dugu pertsona isolatu egiten denean: etxean geratzen da, ohean, ez dauka ordutegi finkorik, erlazio sozialak murrizten ditu, familian gatazka asko izaten dira…

Sintoma horiek nolako ondorioak izaten dituzte gaixoarengan?

Pertsonak ezin du bere funtzionamendua aurrera eraman; bai ikasketa mailan, bai lanean, bai familia mailan... Gatazkak izaten dira eta uste izaten dute familia euren kontra dutela.

Horrek guztiak nola eragiten du familia giroan?

Gaixotasun mentalaz hitz egiten dugunean arazo psikiatrikoaz ari gara. Guri ez digute erakutsi zer egin behar dugun familian horrelako zerbait gertatzen denean. Hortaz, ezjakintasun horrek eragiten du horrelako kasuetan zela jokatu ez jakitea. Gainera, nahiko estigma daude gaixotasun horien inguruan eta familia giroan, gizarte mailan ez da onartzen gaixotasun hori dagoenik. Eta onartzen denean, arazoa izaten da gaixotasuna daukanak ez duela onartzen bere arazoa. Zaila izaten da zirkulutik irtetea. 

Hortaz, batetik familiak baina bestetik gaixoak berak onartu behar du, eta hori ez da erraza.

Bai, garrantzitsua da familiak onartzea; ondoren, eurak izango dira agente aktiboak, pertsona hori lagunduko dutenak. Garrantzitsua da familia informatuta egotea, ze arazo den, ze egin daitekeen… esan behar da momentu honetan ez dagoela protokolo bat, egiteko modu bat. Badaude psikiatrikoak, badaude erdi mailako egitura batzuk, baina oso zaila da haiengana iristea. Horregatik, Agifesek egiten duena da familiari lagundu. Informatu egiten da helburua delako gaixotasun mentala duen pertsonak autonomia ona izatea eta errekuperatzea. Nahiz eta gaixotasun mentala izan, pertsona batek bere burua ondo zaintzen badu eduki dezake bizitza normal bat. Orokorrean, jendeak hori ez daki, baina hala da.

Gaur egun, gaixoei zuzendutako zein motatako tratamenduak daude?

Batetik, farmakologikoak daude. Kontuan izan behar da gaixotasun psikiatriko hauek larriak direla, eta, gainera, kronikoak. Ezer ez bada egiten, denborarekin txarrera egiten dute; hortaz, garrantzitsua da psikiatrarengana joatea –Arrasaten badago osasun mentaleko zentro bat–. Euren eskuetan jarri eta medikazioa ondo hartzea komeni da. Bestalde, laguntza psikologikoa izatea garrantzitsua da. Gaur egun, guk  erdi mailako laguntzan eskaintzen dugu Gipuzkoa mailan, baina egia da eskualde honetan ez dagoela ezer. Debagoiena Gipuzkoako eskualde bakarra da erdi mailako egiturarik ez duena.

Esan daiteke egitura soziosanitarioa falta dela?

Egitura soziosanitarioak laguntza sozialen eta sanitarioen artean kokatuta dauden egiturak dira. Egitura horiek koordinazioan lan egiten dute osasun mailako mediku eta psikiatrekin. Pertsonei errekuperatu eta kalitatezko bizitza eramaten laguntzen diegu. Eta, garrantzitsuena dena, pertsonari nahi duen bizi proiektua aurrera eramaten laguntzen diogu. 

Zeintzuk dira laguntza sozial horiek?

Hemen, Debagoienean, momentu honetan ez dago ezer. Laguntza psikosozialerako eguneko zentro bat laster zabalduko da Arrasaten. Diputazioak bere programan horrela du jarrita; bestalde, Agifesek etxez etxeko zerbitzua dauka. Laguntzailea etxera joaten da eta gaixoarekin erlazio on bat izanez lagundu egin dakioke etxetik irteten eta beste gauza batzuk egiten. Gaixotasuna duenak bere burua zaintzen ikasi behar du eta horretarako onartu behar du gaixotasun bat duela. Horretan, lehenengo bidea familia izango da. Familiak lortuko du gaixoak hori onartzea.

Gaixoari laguntzerakoan, familiak zer egin dezake?

Ba esan dudan bezala informatuta egon behar du. Arazo handia dago eta informatu egin behar dira, psikiatra eta elkarteei informazioa eskatuta. Adibidez, Agifesek laguntza terapia taldeak ditu familiartekoei laguntzeko.

Berriro ere zirkulu berean ez erortzeko zer egin behar du gaixoak?

Gaixotasun hauek pertsonaren bizitza osoan dute eragina. Guk prebentzioa eskatzen dugu, pertsona autonomoa izan dadin eta ikas dezan zer egin behar duen. Garrantzitsua da okupatuta egotea, zer eginak izatea, droga eta alkoholik ez hartzea… nolabait bere burua zaintzea. Hori nola egin daitekeen erakutsiko diogu guk, baina gaixoak eta familiak hartu behar ditu erabakiak.

Arrasaten da ikastaroa. Dagoenekoerdia egin duzue. Nolako harrera izan du ikastaroak gaixoen familiartekoengan?

Esan dezaket harrera ona izan duela eskualdean. Orain arte 60 familia inguru etorri dira ikastarora eta erantzuna ona izan da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak