Ospitale atzetik San Josepeko harrobi ingururainoko zona da Kurtzetxiki. Duela hamabost urte bertako lurrak publiko egin zirenetik, zenbait proiekturi buruz egin da berba, eta horietariko batzuk martxan ipini dituztela adierazi du Ingurumen zinegotziak. "Esate baterako, Naturtzaindia elkarteak biodibertsitatearen inguruko konpromisoa hartzeko eskatu zion Arrasateko Udalari, eta hark bere egin zuen eskaera iraileko osoko bilkuran. Oraingo egitasmo hauek ongi txertatzen dira bertan".
Hiru egitasmo
Hiru egitasmo abiarazi ditu Udalak: alde batetik, herritarrentzako nahiko zona ezezaguna izanda, Kurtzetxiki gerturatu gura diete arrasatearrei, haiek aisialdirako balia dezaten. Orain arteko lan batzuen berri eman du Ingurumen Saileko teknikari Pello Garaik: "Abuztuan bertako elur-zuloa konpondu genuen, batetik, eror ez zedin, eta bestetik, antzinako bizimoduaren testigantza izan dezagun". Gainera, sei kilometro inguruko ibilbide proposamena hedatu gura dute: "Bideak garbituta daude, neurri batean Besaideko lagunei esker, eta, orain, seinaleztapenak ipintzea geratzen zaigu".
Bigarren egitasmoak berriz, basoa berreskuratzeko xedea dauka. Kurtzetxikin egin gura dituzten proiektuek 60 hektarea hartzen dituzte. "Horietatik 30 dagoeneko baso trinko bat da, artadia. Beste 20 hektarea, berriz, artadi gaztea da. Artea hemengo zuhaitza da, eta oso garrantzitsua da, eta aberatsa noski, tokian tokiko florari lehentasuna ematea". Horregatik, berreskurapen eta zaintza lana egitearen garrantzia azpimarratu du Garaik.
Azken 10 hektareetan, aldiz, larre bat egin du Udalak. "Herriko abeltzainek euren abereak bertara bazkatzera eramateko tokia sortu gura genuen. Ongarria bota eta belarra erein dugu dagoeneko". Behar bat zegoela ikusita izan zuten ideia: "Debagoieneko Landa Garapen Elkarteak jakinarazi zigun lehenengo sektorean ziharduten hainbat pertsona haiekin ipini zirela harremanetan, abereentzako lur falta zutelako. Kurtzetxikin lurrak edukita, egoki ikusi genuen zati bat horretara bideratzea". Bada, Pello Garai Udaleko teknikariak adierazitakoaren arabera, interesa duten abeltzainek BAZera joz, Ingurumen Sailera deituz edo auzo-alkateen bidez egin dezakete dagoeneko egitasmo horretan parte hartzeko eskaera.
-----------------
Josu Pereda (Ingurumen zinegotzia): "Kurtzetxikiko lurrak erabiltzeko zazpi eskaera jaso ditugu"
Kurtzetxiki inguruan hiru egitasmo ipini ditu martxan Udalak. Horietako bat lehenengo sektorera bideratuta dago.
Lehenengo sektorea la- guntzeko apustua egin duzue. Funtsezkoa ikusten genuen, sektoreak azken 30 urteetan bizi izan duen gainbehera ikusita. Dagoeneko zazpi lagunek egin dute Kurtzetxikiko lurrak erabiltzeko eskaera, eta gainerakoek ere irekita dauzkate ateak. Bilerak egingo ditugu, eta denon artean lurren aprobetxamendurako formula bat adostu gura dugu.
Kurtzetxikin bazkatuko diren animalientzat, ura funtsezkoa izango da. Bedoñatik ura jaisteko ideia izan genuen, baina garestiegia zen. Hala, ur-bilatzaile batengana jo genuen eta ura badagoela esan digu. Zundaketa lan bat egin beharko da orain, zenbat ur dagoen ikusi, non... Eta ondoren, guztia nola kudea dezakegun aztertu beharko da.

