Abeslari eta kantu zaleendako eskola polita izaten da Gipuzkoako Kantu Txapelketa eta atzo ere agerian gelditu zen hori. Parte-hartzaile guztiak Donostiako finalerako sailkatuko diren arren, abestiari eta eszenaratzeari azken ukituak eman eta emanaldia hobetzeko erabili zuten atzo, zapatua, amaia antzokian egindako "lagun arteko beroketa saioa"; horrela deitu zioten antolatzaileek.
Donostiatik, Tolosatik, Oriotik edo Hernanitik etorritako abeslariak ikusi ahal izan ziren taula gainean, askok gainera beraiek sortutako abestiak aurkeztu zituzten. Debagoienak ordezkari bakarra izango du aurten: Josu Zubia oñatiarra. Lan bikaina egin zuen eta berak sortutako bi abesti eskaini zituen. Pasa den urtean hirugarren postua eskuratu zuen eta aurten zapatuan bezain ondo arituz gero postu ona lortuko du seguruenik Donostian. Oñatiarra pozik zegoen Amaia antzokian egindako lanarekin eta taula gainean "gozatu" egiten duela kontatu zigun.