Barrura begira, presoei begira, Amaia antzokian

Ubane Madera 2012ko azaroaren 3a

Bost zuzendari, bost euskal preso. Horixe da Barrura Begiratzeko Leihoak dokumentalaren oinarria. Arrazoia, berriz, "sarri ezkutatua izan den errealitate sozial hau modu gizatiar batean erakusteko asmoa". Eta Amaia antzokian atzo eta herenegun izan zien herritar ugariek erakutsi zuten askok ezagutu gura duten errealitatea dela hori. Oro har, pelikula tristea" ikusi zuten, Eneko Olasagastik, dokumentaleko zuzendarietako batek esandako moduan.

150 bat lagun eguenean, gehiago atzo. Eta isiltasuna emanaldiaren amaieran. Horixe da Barrura Begiratzeko Leihoak dokumentalak Arrasaten izan duen harrera. 

Jendearen esker ona

Pozik azaldu zen Eneko Olasagasti, dokumentaleko azken istorioaren zuzendaria emaitzarekin, "ikusle aldetik oso ondo", izan dira bere berbak. "Jendeak batez ere ematen ditu eskerrak. Kontatu beharreko zerbait zelako, eta oso esker oneko agertzen da. Egia da pelikula tristea atera dela. Baina ez da zaila, islatu dugun jendearen egoera ez da-eta, zorionekoa". Hori ere adierazi du zine zuzendariak.

"Pelikula ez da alde batentzat egina"

Bestalde, dokumentalak aldez aurretik izandako salaketa politikoak direla-eta, "pena" ematen diote Olasagastiri haien ondorioek. "Esan ziguten urratu ahal genuela Biktimak Babesteko Legea. Mamu bat egon da, baina ez beste ezer konkreturik egon, ez da salaketarik egon. Baina horren ondorioz, pelikula ikusiko zuketen askok ez dute ikusiko. Eta pena da. Ze pelikulak alde bat kontatzen du, baina ez da alde batentzat egina".  

Bost begirada, pelikula bakarra

Dokumentalaren beraren ezaugarriei buruz, berriz, adierazi du "subjektibo" atera dela, bost zuzendarik parte hartu dutela dokumentalean eta "norberaren begiak" direlako istorioa kontatzen dutenak. Baina era berean, pelikulak kohesioa baduela ere azpimarratu du: "Grabatu aurretik bilera asko egin genituen gure asmoa zelako bost istorio egin, baina pelikula bakarra. Bestalde, lan-talde bera izan da pelikula osoan, soinua eta beste, eta horrek ere kohesioa eragiten dute". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak