ELA sindikatuak jarri zuen "legez kanpoko jardun horren" kontrako salaketa. "Salatzen ditugun lan-jardunak 12 ordutik gorakoak izan ziren, zapatuak barne. ELAk demostratu ahal izan du askotan 15 eta 16 orduko jardunak ere egiten zituztela, eta behin edo behin 22 ordukoak ere egin zituztela", azaldu dute ELA sindikatutik.
Hiru enpresa zigortuta
Sententziak hiru enpresa zigortzen ditu kalte-ordainak ordaintzera: Valentziako GEYSP S.L. eta AHTren Arrasateko zatiko lanak egiteko sortutako aldi baterako enpresa osatzen duten Obras subterraneas SA eta OSSA Obras subterraneas enpresak.
Borrokan segitzeko legitimitatea
ELAk azpimarratu du kalte-ordainetatik harago, "pozik" daudela sententziarekin, "legitimitatea" ematen dielako mota honetako lan-jardun "bortitzen" kontra "borrokan segitzeko". "Ez dezagun ahaztu berezko esplotazio ekonomikoaz gainera, halako lan-jardun bortitzen ondorioak istripu bilakatzen direla".
Jaurlaritzak kasurik ere ez
Bestalde, ELAk salatu du orain epaitegiaren aurrean aurkeztutako froga berak lehenago ere aurkeztu zituztela Lan Ikuskaritzan eta baita Eusko Jaurlaritzako ordezkarien aurrean, baina bi kasuetan ez zietela kasurik ere egin.
Gogora ekarri du gaur egun ELAk antzerako salaketa gehiago ere badituela aurkeztuta. Eta hori dela eta Eusko Jaurlaritza "estutu" gura du egoera horren aurrean "behingoz" zerbait egin dezan eta AHTren obretako beharginek pairatzen dituzten "gehiegikeria larriak konpon" ditzan.