Ekonomia suspertzen laguntzeko bokazioaz burutu dute bategitea Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak

Leire Kortabarria 2012ko urriaren 31

Euskadiko Kutxak eta Ipar Kutxak bategite prozesua bukatu dute gaur, entitate juridiko bakarra sortzeko eskritura publikoa sinatu eta gero.

Kooperatiba-proiektu berri horri esker, "Euskal Herriko bigarren finantza-entitatea eta Estatuko bigarren kreditu-kooperatiba" izango direla esan dute arduradunek.

Kooperatiba berriak  2/2012 eta 18/2012 Errege Dekretuek zehazten dituzten betebehar guztiak beteko ditu. Kapital printzipalaren maila % 10etik gorakoa izango da; beraz, likidezia-betebeharrak betetzeaz gain, estaldura-fondo orokor "nabarmena" sortuko du.

Kooperatiba-proiektua helburu jakin batzuk lortzeko sortu da. Horren barruan, "kooperatibismoaren balio eta printzipioetan oinarritutako banku-eredua sustatzeko konpromiso irmoa" eta "ekonomia suspertzen lagunduko duen eragile aktibo" izateko bokazioa berretsi dituzte arduradunek.

Martxoan hasi zen

Aurtengo martxoan integrazio-prozesuaren inguruko elkarrizketa formalei ekin zitzaiela jakinarazi ondoren, hasierako egutegia zehatz-mehatz bete da.

Ekainaren 30ean, bi entitateetako Batzar Nagusiek beren Kontseilu Errektoreek aurkeztutako integrazio-proposamenak ontzat eman zituzten. Gero, urrian, erakunde eskudun guztiek integrazioa onartu zuten; eta gaur, urriak 31, integrazioaren eskritura publikoa sinatu da.

Ondoren, dagozkion izapideak egiteko eta erregistroetan inskribatzeko urratsak egingo dira.

Aurreikuspenen arabera, erabateko integrazio operatiboa 2013ko ekitaldian zehar egingo da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak