Beste gradu batzuetako ikasleen esperientziarekin titulazio bakoitzeko ezagutzak aberasteko helburuarekin, Mondragon Unibertsitateak lehen aldiz Mekanika Ingeniaritzako eta Industria Diseinuko ikasleak Workshop batean bildu ditu. Hiru egunez, astelehenetik gaur arte, gaitzeko hainbat ikastaro hartu dituzte 67 ikaslek, ondoren diziplina anitzeko zortziko taldetan banatuta auto telegidatu baten maketa diseinatzeko eta fabrikatzeko ezagutzak trukatzeko gai izan daitezen. Esperientzia aitzindaria da, ekinaren bidez ikasteko ideian (learning by doing) oinarrituta.
Horrela, batetik, parte-hartzaileen ahalmen zientifiko teknikoak hobetuko dira eta, bestetik, taldekako lehiaketaren bitartez ikasleen artean motibazioa sustatuko da.
Ikasleek karbono-zuntzarekin sendoturiko material konposatuz egin dute karrozeria eta 1/18 eskalako irrati-kontrol elektrikoko autoak dira emaitza. Abiapuntutzat plataforma estandar bat erabili dute, trakzio- eta direkzio-sistema osoa duena.
Hiru egunez lanean
- Astelehenean, industria-diseinuko eta sorkuntzako teknikei buruzko ikasgaiak eman zizkieten, eta autoaren prototipoa egin zuten plastilinaz.
- Atzo, martitzena, automobilgintzako fabrikazio-diseinuari eta gainazalak modelatzeko metodoei buruzko hitzaldi batez gain, ikasleek maketazioari buruzko hitzaldia jaso zuten, ondoren autoaren diseinua CAD-3D-an lantzeko eta maketaren lehen bertsioa aparrarekin egiteko.
- Eta azkenik, gaur, eguaztena, lan-taldeek 3D-an autoen diseinuari akabera ematen eta auto telegidatuaren karkasa egiten jardun dute.