Harkaitz Canok (Lasarte, 1975) 2005an ere irabazi zuen Euskadi Literatura Saria, Belarraren ahoa eleberriagatik orduan. Aurtengo edizioan sartu duten Twist lana ETAren aurkako gerra zikinean oinarritzen da eta Kritikaren Saria ere eskuratu du aurten, Espainiako Literatura Kritikoen Elkarteak ematen duen saria, hain zuzen ere.
Abenduaren 18an Arrasaten
Bada, Harkaitz Cano Arrasaten izango da Twist eleberriarekin abenduaren 18an, Literatura Solasaldien barruan. Mikel Ayerbek koordinatuta, 18:30etik 20:30era egingo dute saioa, Kulturaten; euskarazko saioa izango da. Aurretik, azaroaren 27an, euskarazko beste saio bat egingo dute, Stefan Zweigen Xake nobela lanarekin. Arrasateko Literatura solasaldiekin eta Euskadi Literatura Sariekin lotuta, aipatzekoa da baita ere aurtengo sarituetako beste idazle batek, Iban Zalduak, gidatu zituela aurreko ikasturteetako bateko solasaldietako euskarazko saioak.
Juan Carlos Marquez (Bilbao, 1967) Informazio Zientzietan lizentziatua da eta kazetari gisa egin du lan hainbat hedabidetan, baina azkenaldian literatura munduan murgildu da. Bere lanen artean, Norteamérica profunda (Diputación de Badajoz, 2008), Llenad la Tierra (Menoscuarto, 2012) eta Tangram (Salto de Página. Sintagma Saria 2011) eleberria dira aipagarrienak.
Blanca Urgell Kultura sailburuak jakinarazi ditu irabazleak Eusko Jaurlaritzak Bilbon duen egoitzan. Euskadi Literatura Sarien banaketa ekitaldia azaroaren 13an egingo dute, Bilbon, EHUren Bizkaia aretoan. Irabazle bakoitzak 18.000 euroko saria jasoko du, eta 4.000 eurokoa ere izango du gero, bere lana beste hizkuntza batera edo batzuetara itzultzen bada.
Beste sari batzuk
Marquezek eta Canok irabazitako sariei atzo Donostian emandako Euskadi Literatura sariak gehitu behar zaizkie:
- Saiakera arloan Inazio Mujika saritu dute, Xabier Lete (auto)biografia bat liburuarekin.
- Euskarazko haur eta gazte literaturako Euskadi Literatura saria Iban Zalduak jasoko du, Julen Ribas arrasatearraren Azken garaipena komiki lanaren gidoiarengatik.
- Itzulpenaren arloan, Arantzazu Royo eta Xabier Olarra saritu dituzte, Alaa Al Aswani egiptoar idazlearen Jakobian eraikina nobelaren itzulpenagatik.
- Gaztelaniaz idatzitako saiakeraren arloko Euskadi saria Daniel Innerarity-ri ematea erabaki du arlo horretako epaimahaiak, La democracia del conocimiento lanarengatik.
- Gaztelaniazko haur eta gazte literaturakoa Iban Barrenetxeak jasoko du —iaz ilustrazio arloko saria irabazle izan zen egile berak—, El cuento del carpintero-rengatik.
- Ilustrazio arloko saria Sara Morante-ren La flor roja-rentzat izango da.
Zein bere modalitatean, aurreko urtean argitaratutako libururik onenak saritzea dute helburu Euskadi Literatura sariek.