Hirugarren urtea
Aterpetxeak hirugarren urteari egingo dio aurre aurten. Horacio Argarate Arrasateko parrokoak hasierei buruz egin digu berba: "Orain dela hiru urte elurra egin zuen egun batean hasi zen guztia. Orduan, errumaniar batzuk zeuden Atxa lantegian lotan, eta beldurra sortu zen ea egiten zuen hotzaren ondorioz zerbait gertatuko ote zitzaien. Hala, goiz batean koltxoi batzuk eraman genituen Udalaren lokal batera, eta horrela hasi zen guztia".
Dena den, Argaratek adierazi duenez, kasu hartan ez zuten pentsatutako erantzunik lortu: "Gaua igarotzeko tokia eskaini genien, baina ez zuten hara joan gura izan". Zerbitzua antolatuta zegoen, eta poliki hasi zen jendea bertaratzen. "Inguruko herrietatik etorri ziren, eta baita herriz herri zebiltzanen batzuk ere".
Behar bat zegoela argi zegoen, eta gauzak beste modu batera egin behar zirela ikusi zuten. "Udalak gauza antolatuagoa ipini zuen martxan. Hurrengo urtean aurrekontuen barruan sartu zuen aterpetxea, eta, gainera, langile bat ere ipini zuen guztia kudeatzen". Modu horretan hasi ziren ospitale inguruan dagoen aterpetxeari forma ematen.
Zerbitzuak
Egubakoitzean ireki eta 2013ko martxoaren 31ra arte egongo da irekita, 20:00etatik 09:00etara. Edozelan ere, Udalak adierazi duenez, hiru gradu baino gutxiagoko egunetan, egun osoan izango dute zabalik aterpea.
Hamasei pertsonarentzako tokia dago neguko aterpean, eta bi zerbitzu mota eskaintzen dituzte bertan: alde batetik, zerbitzu materialak: "Dutxa eta garbigailua erabili ahal izango dute, gosaria emango zaie eta oherako izarak eta mantak eta toallak eskura izango dituzte". Bestalde, gizarte hezitzaile batek goizero bisita egingo die, eta hainbat arlo lantzeko aukera egongo dela adierazi dute Udaletik: "Edonolako kezken inguruan informazioa emango zaie, tramite desberdinak egiteko orduan laguntza...".
Boluntarioak, janaria gertatzeko
Jatekoa ere ematen diete Caritaskoek. Argaratek adierazi duenez, orain arte erabiltzaileei ogitartekoak ematen zizkieten. "Bergarako Elikagai Bankua edukita, eta Uribarriko elkarte batek bere sukaldea lagata, pentsatu genuen janari beroa eskaintzea, askoz gizatiarragoa baita". Bada, boluntario bila dabiltza, eta interesatuek 638 52 47 10 zenbakira dei dezakete.
Lorpen txikiak
Lorpen txiki baina ederrak ere lortu dira urte hauetan, Argarateren esanetan. "Ibiltariak ziren bi lagun Arrasaten finkatu dira bizi izaten, eta nahikoa normalizatu dute euren bizitza; lana ere eskuratu dute, gainera". Bada, aterpea zabalik dagoen bitartean "erabiltzaileak behar adina denbora" egon daitezkeela da lorpen horren gakoetako bat. "Hezitzaileak primeran bideratu zituen pertsonak, eta beste aukera bat eman zaie".