Aldai, XIX. mende hasieratik
Arrasatek bi kanposantu nagusi ezagutu ditu azken bi mendeetan: Aldaikoa XIX. mende hasieratik erabiltzen zela badakigu –1900ean kapera, 1935ean autopsien aretoa eta 1950ean arkupea eraiki ziren– eta 1994ko martxoko osoko bilkuran hartu zen ixteko erabakia. Egun Aldai parkean hileta zibilak egiten dira. San Kristobalgo kanposantua Aldaikoa itxi zen urte berean ireki zen, 1994an.
Bide batez, alkatetzak jakinarazi du 2013ko urtarrilaren 1etik aurrera hilerriko nitxoetan 2002ko bigarren seihilekoan lurperatu ziren hildakoen gorpuzkiak aterako dituztela, baita 1994an 24. hobian lurperatutako hilkutxari dagokiona ere. Hala, gorpuzki horiek nora joango diren zehaztu gura duenak azaroaren 12rako eman beharko dio Udalari horren berri. Gorpuzki horiek ehortzean Udalari ez bazaio ezer jakinarazten, hezurtegi orokorrera bidaliko dira.
Urbanoak, zerbitzu bereziak
Hilerria egunero dago zabalik, 08:00etatik 20:00etara. Gaur eta bihar ere ordutegi hori izango du. Era berean, autobus urbanoak zerbitzu berezia eskainiko du: gaur, urriak 31, 10:00etan abiatuko da lehen autobusa Gorostiza auzoko geltokitik, eta geltoki guztiak zeharkatu ostean, 10:25ak aldera helduko da kanposantura. Maiztasuna ordurokoa izango da; azkena, 18:00etan. Bueltako bidaia egiteko azken autobusa 18:30ean irtengo da kanposantutik. Bihar, berriz, maiztasuna bikoiztu egingo da. Lehen autobusa 10:00etan irtengo da eta ordu erdiro egongo dira autobusak. Bueltarako azkena 19:00etan irtengo da.
Fededunen ospakizun bereziak
Fededunek San Kristobalgo kanposantuan hildakoen omenezko otoitza egiten dute Domu Santu egunean. Horacio Argarate parrokoaren arabera, urtero 17:00etan 100 lagun inguruko taldea elkartzen da. Eguraldia ona bada aire zabalean egingo dute otoitza eta bestela, hilerriko bi pabilioietako baten egingo dute.
Baina badira berezitasun gehiago. Esaterako, meza nagusian (12:00) urtean zehar parrokiako sagrarioaren ondoan etengabe pizten den kandela gorrien eskaintza egiten dute. Gainera, koroak Perosi-ren lehen meza pontifikala abesten du.