Unai Urretxo: "Hego Koreak musika klasikoaren aldeko apustua egiten du"

Oihana Elorza Gorostiza 2012ko urriaren 31

Arrasate Musikalen ikasi zuen tronboia jotzen, eta jotzailea ez ezik, orkestra zuzendari ere bada egun.

2000an joan zen Arrasatetik eta Hego Korean bizi da egun Unai Urretxo tronboi jotzailea. Handitxek erantzun ditu GOIENAren galderak.

Zer egiten duzu Hego Korean?

2004 ko irailean etorri nintzan. Aurretik, San Paolon bizi izan nintzan, Brasilen. Daejeon Philharmonic orkestra delakora etorri nintzan lanera, tronboi bakarlari moduan garai artan. Hego Koreak, musika klasikoaren eta orkestretaren aldeko apustua egiten du. Garai hartan maila handiko atzerriko musikariak hasi ziren ekartzen eta horietako bat izan nintzen ni. Orkestran lau urte eta erdi lan egin ondoren Suwon-eko Unibertsitateko irakasle izateko proposatu zidaten, 2009an, eta han jarraitzen dut. Horrez gain, Hwaseong Festival orkestran hasi nintzen zuzendari artistiko bezala eta urte honetan ere beste talde batzuk zuzentzeko aukerak izan ditut.

Arrasate Musikalen ikasi zenuen tronboia jotzen?

Bai. Lau pertsona ditut bereiziki eskertzeko: Juanito Arzamendi, Jose Ramon Vitoria, Mertxe Mendizabal eta Alberto Urretxo. Juanito Arrasate Musikaleko arima da eta lehen ezagutu nuen maisua. Betik gogoratuko dut berarekin eta amarekin haren bulegoan izan nuen lehen elkarrizketa, nire entonazioa eta erritmoa neurtzeko. Jose Ramon Vitoria pertsona berezietakoa da niretzat. Asko ikasi nuen berarekin, ez bakarrik musikari buruz baita heziketari buruz ere. Nola ikasi eta nola irakatsi. Mertxe, berriz, nire solfeoko irakaslea izan zen. Eta noski, Alberto niretako jarraitzeko eredua izan da, nire anaia izateaz gain.

Zergatik tronboia?

Garai hartan Arrasaten ez zeuden tronboilari asko eta orkestrak tronboilariak behar zituen. Gero Haritz Solupe ezagutu nuen, eta errazago izan zen lagunen artean jotzea. Denborarekin konturatzen zera instrumentuak dituen kalitateekin. Hala ere, instrumentu bat aukeratzean uste dut instrumentu horren inguruan dagoen zaletasuna dela faktorerik handiena. Gu zaleak ginen eta garai hartan ia 20 tronboi ikasle izan zuen Arrasate Musikalek.
Bestalde, instrumentu asko gustatuko litzaidake jotzea. Biolina, txeloa, klarinetea, tronpa edo-ta perkusioa, esaterako. Egun pianoa ere ikasten dut, oso txarra naiz baina egunero aritzen naiz, ordu pare batez. Hala ere, uste dut garrantzitsuena musika egitea dela edozein instrumentuekin, edo baita abestuz ere. Modu asko daude musikaz gozatzeko.

Jo bakarrik ez, kontzertuak ere zuzentzen dituzu, ezta?

Bai horrela da. Ez da erraza bi bide aurrera eramatea. Zuzentzeko, partiturak ikasteko denbora asko behar da. Zuzendaritzan EEBBtan murgildu nintzan, baina Koreako musikariak hasi ziren lan horretan motibatzen.

Ze proiektu dituzu agendan urtea bukatu aurretik egiteko?

Proiektu handiena Hwaseong Festival orkestrarekin izango da. Abenduak 30ean kontzertua zuzenduko dut. Euskal Herrira joateko gogoa badut, urte asko dira-eta uzi nuela, baina ez dut aukerarik izan eta tristura apur bat ematen dit horrek. Ea egunen batean  etxean jotzen dudan! 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak