Ramon Barrutia: "Gutxietsi egin gaitu Euskal Errugbi Federazioak"

Xabier Urtzelai 2012ko urr. 31a, 13:00

Arrasate Errugbi Taldea haserre agertu da Euskal Errugbi Federazioaren aurrean. Haserre, nazional mailako liga txapelketa oraindik ez dutenez hasi Euskal Ligako aurreneko bi jardunaldietan Uribealdeak eta Irunek lehen taldeko jokalariekin jokatu dutelako, hain zuzen ere, arrasatearren kontra.

Arrasateko Zuzendaritza batzordearen esanetan, "gertaera horiek txapelketa erabat faltsutzen dute; are gehiago, sailkapen faseak 6 partidu baino ez dituela kontuan hartuta". Fase hau amaiturik, sailkapen buruko taldeak mailaz igotzeagatik borrokatzen dira denboraldiaren bigarren zatian, eta besteek amaierako sailkapena ezartzeko ligaxka jokatzen dute". Hori gerta zitekeela aurreikusita, zozketatutako egutegiaren berri izan bezain pronto Arrasate

Errugbi Taldeko agintariek egutegia moldatzeko proposatu zioten Euskal Federazioari.
Irailaren 20an Federaziora bidalitako gutunean sarrailagileak arduratuta agertu ziren euren jokalarien segurtasuna arriskuan zegoelako, "kategoria bateko eta besteko jokalarien ezaugarri tekniko eta fisikoak oso bestelakoak direlako".

Legezkoa, filialarekin jokatzea

Ikuspuntu juridikotik legezkoa da filial batek lehen taldeko jokalariak zelairatzea, muga bakarra lehen taldearekin 6 partidu jokatu ez izana da. Baina Arrasatekoen proposamena izan zen goiko liga hasi artean, Euskal Ligako lehen jardunaldietan Getxok, Uribealdeak eta Irunek elkarren artean jokatzea, besteen lana ahalik eta gutxien baldintzatzeko.

Federazioak ez zuen kasurik egin –nahiz eta proposamena denboraz egin– eta hala ere, Arrasatekoak konturatu ziren egutegian beste aldaketa batzuk egin zituztela. Aurreikuspenak beteta, ligako lehen hiru jardunaldietan Arrasatekoek errepaso galantak jaso dituzte berdegunean. Ramon Barrutia presidenteak salatu du Federazioak erabat gutxietsi dituela: "Ez dugu Federazioaren jokabidea ulertzen, aurkeztu genituen argudioak parekotasuna eta jokalarien segurtasuna bermatzea zirelako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak